Hitzarmena SEPErekin, gazte kalteberen eta mikroenpresen enplegua sustatzeko proiektuetara 2 milioi euro bideratzeko (Gobernu Bilera 2021-12-21)

0

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Estatuko Enplegu Zerbitzuaren (SEPE) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko hitzarmen bat sinatzea onartu du, bereziki ahulak diren gazteei eta mikroenpresei zuzendutako proiektu pilotuak garatzeko. Bi milioi euroko zuzkidura du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Europako funtsetatik.

Pandemiak sortutako egoerak larriagotu egin du iraupen luzeko langabeen eta egoera mugatuetan zeuden beste kolektibo batzuen kalteberatasuna, eta ekoizpen-sarea eraldatu beharra ekarri du, mikroenpresetan oso eragin handia izanik. Egoera horri aurre egiteko, beharrezkoa da kolektibo kalteberen beharrizanei – Lanekoei zein sozialei – Erantzungo dieten proiektuak eta esku-hartze ildoak abian jartzea, bai eta produkzio-sistema indartu bat erraztea ere, ekintzailetza eta enplegu kolektiboa babestuz, bai eta mikroenpresei ere.

Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 23. osagaiak bere 4. inbertsioan jasotzen ditu, alde batetik, bereziki kalteberak diren kolektiboentzako enplegu-proiektuak sustatzera bideratutako inbertsioak, eta, bestetik, ekintzailetza, enplegu kolektiboa eta mikroenpresak bultzatzeko proiektuak eta esku-hartze ildoak sustatzera bideratutakoak, baita biztanleria finkatzera bideratutakoak ere, arreta berezia jarriz produkzio-eraldaketan eta ekonomia berde eta digitalerantz aurrera egiteko.

Helburu horrekin, SEPErekin sinatzea onartu den hitzarmenak aurreikusten du milioi bat euro bideratuko direla 166 gazte ahuli zuzendutako jardueretara, haien gizarteratzea eta laneratzea errazteko. Honako jarduera hauen bidez egingo da: orientazioa eta laguntza, ibilbidearen araberako prestakuntza, prestakuntza-bekak (enpresetan ordaindutako praktikak), tutoretzak eta mentorizazioa, jarraipena eta lana bilatzeko aktibazioa.

Era berean, beste milioi bat euro bideratuko dira Ekintzailetza eta mikroenpresak atalean, erronka demografikoari helduko dioten eta ekoizpen-eraldaketa erraztuko duten 200 jarduera abian jartzeko, bereziki ekonomia berde eta digital baterantz. Proiektu horien artean, landa-eremuko eta udalerri txikietako biztanleria finkatzen duten nekazaritza-ekimenak, ekintza kultural eta artistikorako gizarte-ekonomiako ekimenak, trantsizio ekologikokoak, tokiko garapenekoak, landa-turismokoak eta ondare historiko-artistikokoak, besteak beste.