Bizkaiko 7.000 enpresa eta profesional baino gehiago euren borondatez sartu dira Batuzen lehenengo epean

0

Ostiral honetan izena emateko borondatezko lehen epea amaitu ondoren, Bizkaiko 4.465 langile autonomo eta 2.910 enpresa sartu dira Batuzen 2022ko lehen hiruhilekotik. Urtarrilaren 1etik, Batuzen sartutako enpresak eta autonomoak, fakturak egiteko, homologatutako 706 fakturazio-softwareetako bat erabiltzen ari dira eta euren eragiketa ekonomikoen erregistro-liburuak (EEEL) Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan kudeatzen ari dira. Gaur arte, 501.656 eragiketa ekonomikori buruzko informazioa bidali dute Foru Ogasunera.

Foru Ogasunak oso garrantzitsutzat jo du lehen epe honetan 7.375 pertsona borondatez atxiki izana; izan ere, Batuz ezartzeak aldaketa nabarmena eskatzen du negozioen kudeaketan eta, gainera, kontuan hartu behar da urrats hau Covid-19aren pandemiaren bilakaerak eragindako ziurgabetasun-aldian gertatu dela. Arrazoi horiengatik, hain zuzen ere, eta zergadunen eskariak ere kontuan hartuta, Foru Ogasunak bi urteko epea ezarri zuen borondatez lanean hasteko, 2024ko urtarrilaren 1ean sistema nahitaez ezarri aurretik.

Batuz martxan jartzeko Foru Ogasunak laguntza-zerbitzua indartu du eta 98 pertsona ari dira artatzen eta arreta eskaintzen; laguntza horren bidez zergadunek sistema berriari buruzko zalantzak edo gorabehera teknikoak argitu ditzakete.

Borondatezko aldian hiruhileko bakoitzaren hasieran sartu behar da Batuzen eta, beraz, enpresak eta profesionalak integratzeko hurrengo aldia apirilaren 1ean izango da. Horretarako, interesdunek aldez aurretik jakinarazi beharko dute lanean hasiko direla, www.batuz.eus webgunearen bidez edo Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan, otsailaren 1etik martxoaren 5era bitartean.

Batuzi buruz

Foru Ogasunak garatu duen sistema da Batuz, iruzur fiskalaren eta zergadunen laguntzaren aurkako borroka indartzeko, eta bi elementu berri sartzen ditu langile autonomoen eta enpresen negozioen kudeaketan. Alde batetik, Foru Aldundiaren egoitza elektronikoko euren erregistro-liburuan idatzi behar dituzte euren eragiketa ekonomiko guztiak, eta bestetik, fakturak TicketBai software batekin jaulki behar dituzte, zeinak eragozten duen salmentak B kutxa baten bidez ezkutatzea. Software honek QR kode bat inprimatzen du tiket edo faktura bakoitzean eta kode horri esker bezeroek jakin dezakete faktura hori Ogasunean aitortu den ala ez.

Batuzen bidez lortutako informazioarekin Foru Ogasunak zerga-iruzurra prebenitzeko eta detektatzeko kontrola areagotzen du eta, aldi berean, zergadunarentzako laguntza hobetzen du; izan ere, BEZaren eta PFEZaren aitorpenaren zirriborroak eman ahal izango dizkie langile autonomoei, eta BEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren zirriborroak Bizkaiko enpresei.

Batuz ezartzea derrigorrezkoa izango da 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztientzat, eta 2022an eta 2023an atxikipen hori borondatezkoa izango da. Bi urte hauetan Batuz euren borondatez ezartzen duten langile autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek konpentsazio bat izango dute PFEZaren edo Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarrian. Konpentsazioa % 15ekoa izango da Batuz 2022ko lehen hiruhilekoan beretzen dutenentzat, eta murriztuz joango da geroago sartzen direnentzat.

Konpentsazio horiek bateragarriak dira enpresa edo langile autonomo guztiek Batuz ezartzeko egiten dituzten gastuetarako ezarritako kenkariarekin, hala nola fakturazio-softwarea eguneratzearekin edo ekipamendu informatiko edo periferikoak erostearekin. Kenkari hori borondatezko aldian euren gain hartutako kostuaren % 30 da.