Euskal Enplegu Sistemaren Legea egiten hasi da, eragile guztiak ordenatzeko eta politika aktiboetarako eskubide subjektiboa arautzeko

0
  • Legea urtea amaitu baino lehen Legebiltzarrera iritsi ahal izatea aurreikusten da

Lan eta Enplegu Sailak Euskal Enplegu Sistemaren Legea egiteko prozesuari ekin dio, hasteko agindua eta kontsulta publikoa aldi berean argitaratuta. Aurreikusita dago lege hori Legebiltzarrera eramatea aurtengo urtea amaitu baino lehen.

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak dagoeneko sinatu du Euskal Enplegu Sistemaren Legearen aurreproiektua egiten hasteko agindua, eta, aldi berean, aurretiazko kontsulta publikoa hasi da, etorkizuneko arauak eragin diezaiekeen pertsonen eta erakundeen iritziak zuzenean jasotzeko.

Legegintzaldian zehar egindako jardunaldietan, foroetan eta kongresuetan azaldu den bezala, Euskadin enplegua arautuko duen lehen legea da, 2010ean enplegu-politika aktiboetako eskumenak bere gain hartu, diseinatu eta gauzatzeko, eta, ondoren, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua sortzeko. Harrezkero, eta lege arautzailerik ez dagoenez, Foru Aldundien, udalen, eragile sozial eta ekonomikoen eta erakunde publiko eta pribatuen ekimenak ugaritu egin dira enpleguaren arloan, eta horrek antolaketa eskatzen du.

Ildo horretan, 2021eko apirilean onartutako 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren proiektu bultzatzaileetako bat da Euskal Enplegu Sistemaren Lege bat onartzea, Euskadik behar dituen kalitatezko enplegu-politika aktiboak planifikatu eta garatzeko egiturak eta tresnak arautu eta antolatuko dituena, eta enplegu-politika aktiboetarako eskubide subjektiboan jartzen du arreta, hau da, enplegu-zerbitzu publikoa hobetzeko ekimenetan.

Halaber, plana lantzearekin batera, Lan eta Enplegu Sailak legealdiko gobernu-programa betetzen du, bai eta Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaia ere. Mahai horren akordioen artean, euskal enplegu-sistema arautuko duen lege bat onartzea dago.

Hauek dira legeak jaso behar dituen oinarrizko elementuak:

  • Zerbitzu-zorroa definitzea eta politika aktiboetarako eskubide subjektiboa artikulatzea aurreikusitako eskumen-esparruaren barruan.
  • Sistemaren osagaiak (instituzionalak eta sozialak), horien eta gobernantza-organoen arteko harremanak definitzea, Lanbide Euskal Enplegu Sistemaren tresna publiko nuklear gisa kokatuz.
  • Informazio- eta prestakuntza-sistema
  • Ezagutza sustatzeko sistema
  • Enplegu-politikak ebaluatzeko sistema

Era berean, arauan helburu batzuk sartu dira, besteak beste, funtsezko printzipioak indartzea, hala nola berdintasuna, aurrea hartzea, berrikuntza, erresilientzia eta erantzun-abiadura; elkarrizketaren eta adostasunaren printzipioak azpimarratzea, funtsezkoak baitira egoera berri horren arriskuak minimizatzeko eta aukerak aprobetxatzeko; enplegu-politika aktiboetarako eskubide subjektiboa, haren irismena eta mugak aitortzea; Euskal Enplegu Sistema bat eraikitzea, behaketan, prospektiban eta ebaluazioan oinarrituta lan egingo duena, lan-merkatuan gertatzen diren aldaketei aurrea hartzeko eta aldaketa horiei erantzungo dieten zerbitzuak eta programak diseinatzeko; esku hartzeko ereduen pertsonalizaziotik lan egingo duena eta pertsonen eta enpresen beharrei erantzun azkarra emango diena, langabeziaren kronifikazio-egoerak saihestuz; eta Lanbide sistema integratzaile, eraginkorrago eta euskal enplegu tresna eraginkorrago gisa integratuko duena.