URAk 101 M€-ko inbertsioa egingo du uholde-arriskuak eragindako Euskadiko biztanleria %40 murrizteko

0

URAk % 18 murriztu du uholde-arriskuaren eraginpean dagoen populazioa, eta lotutako kalte ekonomiko potentzialen % 16a, Euskadin, 2015-2021 aldian. Hala, uraren euskal agentziak 2022-2027 aldirako ezarri duen erronka uholdeek eragindako biztanleria % 40 murriztea da. Gaur goizean Uraren Euskal Agentzian uholdeen kudeaketa zaintzen duen talde teknikoarekin izandako lan-saioan emandako konpromisoa da, Uraren Euskal Agentziak Gasteizen duen egoitza nagusi berrian. Bertan parte hartu dute Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak; Amaia Barredok, Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordeak; eta Antonio Aizek, URAko zuzendari nagusiak.

Eusko Jaurlaritzak, URAren bidez, 92,6 M € inbertitu ditu 2015 eta 2021 artean uholdeei aurre egiteko lanetan. Horri dagokionez, nabarmentzekoa da uholde-arriskua nabarmen murriztu dela Zallako Mimetiz auzoan;  Ibaizabal ibaian, Galdakaon eta Basaurin; Gobela ibaian, Getxon; Oria ibaian, Villabona parean; Urumean, Donostiako Martuteneko auzoan eta  Hernaniko Karabel auzoan; edota Zadorran,  Gasteizko iparraldetik igarotzen den zatian

Uholde-arriskuari buruzko azterketak 10, 50, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborekin egiten dira. Horrela, analisian denbora-esparru handiagoa kontuan hartuta, uholde bat gertatzeko probabilitatea txikiagoa da, baina horri lotutako kalte potentzialak nabarmen handiagoak. Euskadin 250.000 pertsona bizi dira uholde-arriskua duten eremu bulneragarrietan (500 urteko errepikatze-denborako uholdeak).

Datozen urteetarako erronka uholde-arriskuaren eraginpean dagoen biztanleria % 40 murriztea da. Ildo horretan, URAk aurreikusi du 2027ra bitartean 101 milioi euro inguru inbestitzea uholdeen aurkako defentsa-obretarako, hogeitik gora defentsa-lan berri abiaraziz. Gainera, obra hauen exekuzioa azeleratzeko eta bultzada emateko Next Generation programarako funtsak eskatu ditu. Lan horiek egikaritzeak uholde horiei lotutako kalte ekonomiko potentzialak % 35 eta % 38 artean murrizteko aukera emango dute.

Beharrezkoa da lurraldea erresilienteagoa egitea uholde-arriskuei aurre egiteko, lurraldearen antolamendu-politika baten bidez, lurzoruaren erabilerei buruzko politikaren bidez eta, ondorioz, hirigintzaren bidez. Alegia, arrisku naturalak hirigintzaren plangintzan, kudeaketan eta diseinuan funtsezko elementu gisa txertatuz. Tapiaren arabera, “ezinbestekoa da hirigintza-politika eta politika hidraulikoa uztartzea, uholde-arriskuak murrizteko eta saihesteko”.

Eusko Jaurlaritzak, URAren bitartez, konpromiso irmoa hartu du Euskadin goraldieek kaltetutako biztanleria-kopurua, zein balizko kalteen kopuruak murrizteko. Sailburuak gogorarazi duenez, “horretarako, uholde-arriskuaren hedapenaren prebentzioan lan egiteaz gain, uholde-erresilientziaren arloan asmo handiagoko inbertsio-agertokiak lortzeko lanean dihardugu, uholdeek eta horiei lotutako kalte potentzialek eragindako populazioa gutxitzeko, gure ibilguetan defentsa-obra berriak sustatuz”. Horren harian, sailburuak gogoratu duenez: “uholdeen aurkako defentsa-lanetan inbertitutako euro bakoitzeko 1,9 € saihesten dira uholdeen erasanak konpontzeko lanetan”.

Euskadin ur-goraldien garrantziak eta errepikatzeak beharrezko egiten dute uholde-kudeaketa zorrotza, egiaztatua eta fidagarria: lurraldeko ibai-dinamikak nola funtzionatzen duen ulertuz, eta administrazio publiko guztien eta eragindako biztanleriaren artean neurri eraginkorrak, adostuak eta partekatuak sustatuz.

Garrantzitsua da Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren (UAKP) bidez garatzen den plangintza, bertan uholde-arriskua kudeatzeko ildo eta neurri nagusiak jasotzen baitira. Neurri horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: prebentzio-neurriak (arriskua areagotzea saihestea), erresilientziakoak eta babesekoak (ur-goraldien eraginpean egun jada diren erabilera kalteberen defentsa) eta prestakuntzakoak (iragarpen hidrometeorologikoa, zein ur-goraldiak datozenerako babes zibileko sistemak).

Hiru uholde-gertakari:
Joan den azaroaren amaieran eta abenduaren hasieran bata bestearen atzetik bi uholde gertatu ziren 21 egunetan, EAEko lurraldean oro har, nahiz eta arro jakin batzuei bereziki erasan. Gertaera horietan ezohikoa ez zen izan gertaera bakoitzaren puntako emarien errepikatze-aldia, baizik eta prezipitazioak hainbeste egunetan jarraian irautea. Ondorioz, erregistratutako prezipitazio-bolumen metatua oso handia izan da, mende horretan erregistratutako prezipitazio-balioak nabarmen gaindituz.

Zehazki, lehen bi gertakariek iraun zuten 21 egunetan 500 l/m²-ra iritsi ziren batez beste, hilabetean metatutako benetako prezipitazio errekorra. Kasurako, 847 l/m² Eskasen eta 695 l/m² Añarben. Ondorioz, hiru datu:

  • Azaroaren 28an eta 29an eta abenduaren 9-10ean uholdeak izan ziren batez ere kantauriar arroetan; baita Zaia, Baia eta Zadorra arroetan ere mediterraneoan.
  • 21 egunetan, Ullibarriko urtegi-sistemak inoiz erregistratu gabeko sarrerak erregistratu zituen (185 Hm³), eta emari horren gehiengoari eutsi zioten euria erruz ari zuenean. Horrek nabarmen murriztu zuen Zadorran uholde-orbana. Alegia, urtegiek erregulatu gabe uholde-orbana nabarmen handiagoa zatekeen.
  • Urtarrilean Zadorra ibaiaren arroan izan ziren uholdeak, hiru egunetan 70 eta 139 l/m² artean bota ondoren, Otxandion, Santa Engrazia ibaiaren goi-tartean.