2021ean turismoan izandako % 82ko hazkundeak hurrengo 3 urteetan gehienbat haztea aurreikusten duen sektorea bultzatzen du

0

Joan den urtean % 82ko hazkundea izan du Bilbao Bizkaira iritsi diren turisten kopuruak, 1.033.305eko zifrara iritsiz. Ostatu-gauen arloan ere berdin gertatu da eta 2.051.568 izan dira, aurreko ekitaldian baino % 74,31 gehiago. Datu horiek bultzada dira turismoaren sektorearentzat eta 2022-2024 aldirako aurreikusten den susperraldia berresten dute, datozen 3 urteetan enpresa gehienek haztea aurreikusten duten industria bultzatuz. Hauek dira Bizkaiko Turismo Behatokia 2021etik  ateratako datuetako batzuk; datu horiek gaur aurkeztu dituzte Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, eta Cristina Múgicak, Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Bultzatzeko zuzendariak.

«Turismoa lehengoratzen hasteko fasean gaude. Argi dago, mugikortasun-murrizketak askoz ere txikiagoak direlako eta txertoek aurrera egiteak segurtasun eta konfiantza handiagoa ematen duelako, eta horrek bidaiatzeko gogo handiagoa dakarrelako. Hazkundeak ez garamatza oraindik pandemia aurreko mailetara, baina garrantzitsua da. Eta hazkunde hori badago, halaber, gure turismo-industriaren lanaren, kemenaren eta ahaleginaren ondorioz da, egoeretara egokitzeko eta, era berean, kudeaketa turistikoko erakundeekin lankidetzan, administrazio desberdinak garatzen ari garen lanera egokitzeko gauza izan delako. Eta horrek baikor sentiarazten gaitu. Baina, era berean, gure helburua lortzeko gogor lan egiteko akuilua ere izan behar du, hau da, jorratu genuen hazkunde jarraituaren bidea berreskuratzea, lehenik 2019ko zifretara iritsiz eta, gero, datu horiek modu iraunkor eta jasangarrian hobetuz. Sektore ekonomiko hau suspertzeko, bere jarduera bultzatzeko eta kalitate- eta bikaintasun-estandarrei eusteko palanka izan behar du, jasangarritasunean sakonduz», Basurkok azpimarratu duenez.

Sarreren eta ostatu-gauen hazkundearekin batera, batez besteko egonaldiaren portaera ere positiboa izan da, 2019koa baino pixka bat handiagoa izan baita, helmugako bi gauetatik gertu (1,99). Eta gauza bera gertatzen da batez besteko gastuarekin, 2019ko 511,50 eurotik iazko 647 eurora igo baita; hazkunde hori  ostatuetan eta jatetxeetan finkatu da.

Ildo horretatik, Ekonomia Sustatzeko diputatuak azaldu du joan den urtean 2019ko emaitzen herena baino pixka bat gehiago berreskuratu dela, «bisiten kalitate onarekin, batez besteko egonaldiak eta gastuak erakusten duten bezala. Horregatik 2022tik 2024ra bitarteko aldia funtsezkoa izango da pandemiaren aurreko fluxuei dagokienez lortu nahi den susperraldia lortzeko, gure estrategia berriak aurreikusten duen bezala».

Gainera, bisitarien fluxua modu orekatuagoan banatu da lurraldean zehar. 2021ean bildutako datuek berriro berresten dute Bilbo dela oraindik ere erakarpen-gune nagusia, baina, era berean, adierazten dute kostaldeak eta barnealdeak portaera hobea izan dutela sarrera-zifrak lehengoratzeari dagokionez 2020arekin alderatuta. Hobekuntza hori % 97,53koa da barnealdean, eta % 84,77koa kostaldean.

Eskualde bisitatuenak hauek dira: Urdaibai (% 63,1), Ezkerraldea (% 44,8), Eskuinaldea (% 43,9), Lea Artibai (% 24,8) eta Uribe Kosta (% 23).

Susperraldi handiagoa Estatuko turismoan

Bilbao Bizkaia bisitatzen duten pertsonen jatorriari dagokionez, Estatuko eta nazioarteko turismoaren sarrerak % 79,93 eta % 87,07 igo dira, hurrenez hurren, 2020arekin alderatuta. Eta, bi aldagaiek 2019. urtearekin alderatuta jaitsiera erakusten duten arren, jaitsiera hori askoz ere txikiagoa da Estatuko merkatuan.

Euskadi (193.431 sarrera), Madril (158.483 sarrera) eta Katalunia (105.177 sarrera) dira gaur egun merkatu garrantzitsuenak eta Estatuko turismoaren sarreren ia % 60 hartzen dute. Eta 2020ko datuei dagokienez, Murtzia, Kanariak eta Extremadura dira aldakuntza positiborik handiena izan duten merkatuak.

Nazioarteko merkatuei dagokienez, 2021ean Frantzia (63.599), Alemania (23.904) eta Italia (16.389) izan dira nagusiak, eta hazkunde-datu onenak dituztenak, % 113,5eko eta % 91,7ko igoera-ehunekoekin, hurrenez hurren, Belgika eta Italia izan dira. Herbehereen kasuan ere datuak oso onak izan dira.

«Estatuko merkatuak aukera eman digu, Europako mugikortasun gutxiko baldintzetan,  susperraldia lortzeko bidean aurrera egiteko, baina nazioarteko merkatuak ahalbidetuko du 2022-2024 aldirako  lortu nahi dugun susperraldia. Izan ere, gure hurbileko lehiakideek Estatuko merkatuan kokapen sendoagoa duten bitartean, Bilbao Bizkaiak nazioarteko merkatuan du, zalantzarik gabe, eta horregatik ezin dugu epe laburrean Estatuko merkatuan soilik lehiatu», Ainara Basurkok adierazi duenez.

Turistaren profila eta destinoaren balorazioa

Bisitatzen gaituzten pertsonen profilari dagokionez, zenbait aldaketa daude jatorriaren arabera. Estatuko turistak 43,4 urte ditu batez beste, bikotekidearekin bidaiatzen du gehienbat (% 55,2) eta ostatu tradizionala aukeratzen du (% 55,3). Nazioartekoak 45,8 urte ditu batez beste, % 48,7k ostatu tradizionala aukeratzen du eta % 45,5ek bikotekidearekin bidaiatzen du.

Estatuko turisten % 46,9k lehen aldiz bisitatzen zuen Bilbao Bizkaia, eta atzerritik etorritakoen % 60,5ek ere bai.

Pertsona horiek, oro har, jarduera gastronomikoak (% 96,5), udalerrietako paseoak (% 95,1) eta kultura-jarduerak (% 88,9) aukeratzen dituzte Bilbon egiten duten egonaldian.

Eta destinoaren balorazio oso positiboa egiten dute, 8,2ko eta 8,53ko nota emanez, gure lurraldea berriro bisitatuko ote luketen galdetu zaienean. Ostalaritza-establezimenduei eta mugikortasunari eta sarbideei emandako nota 7,93koa da.

Bizkaiko gizarteak begi onez ikusten du turismoa

Bizkaiko herritarrek turismoaz duten pertzepzioari dagokionez, lortutako emaitzek erakusten dute Bizkaian bizi diren pertsona gehienak (% 90,9) harro daudela lurralde hau ezagutu nahi dutelako eta ez dute uste turismoak eragin kaltegarririk izango duenik euren eguneroko bizitzan, turistekiko bizikidetzari (% 83,3k positibotzat jotzen du) eta turismoak dakarren kultura-trukeari (10etik 8,06ko balorazioa ematen diote) buruzko datu positiboek adierazten duten bezala.

Gai horri dagokionez azpimarratu behar da gora egin duela turismoak tokiko ekonomian duen inpaktuari garrantzia ematen dioten pertsonen kopuruak, % 94,1 zirelako 2019an eta % 95,08, berriz, iaz.

Era berean, Bizkaiko Turismo Behatokia 2021ren barruan inkestatutako pertsonen herenak bisita-lekuetan turisten masifikazioa saihestea eskatzen du, eta talde hori 2019an eskatzen zutenen ia erdia da.

Hazkunde-perspektiba duen industria

Turismoaren Behatokiak turismo-sektorea ere aztertzen du;  sektoreak 13.299 enpresa eta 62.641 langile ditu.

Enpresa horietako gehienek hurrengo urteetan haztea (% 77,6) edo mantentzea (% 18,4) aurreikusten dute. Eta hainbat berrikuntza-ekintza lantzen ari dira, batez ere online turismo-produktu berriak garatzera bideratutakoak (% 13,6), negozio-ereduaren aldaketa (% 13,6) eta hirugarrenen webguneetako online merkataritza (% 11,2).

Txangozaleak

Turismoaren Behatokiak txangozaleekin lotutako gaiak ere aztertzen ditu 2019tik, eta bi tipologia identifikatzen ditu:

  • Ostaturik hartu gabe bidaiatzen dutenak, Bizkaian, Araban edo Gipuzkoan bizi direlako; 2021ean hamar txangozaletik ia zortzik osatzen zuten taldea da. Pertsona horiek batez beste 6,18 ordu igarotzen dituzte gure lurraldean, eta batez beste 41,2 euroko gastua egiten dute. Hauen presentzia nabarmen hazi da, ziurrenik gure lurraldeko pertsonak turismoa berriz deskubritzera animatuz mugikortasun-murrizketen eta barne-turismoa bultzatzeko garatutako jarduketen ondorioz. 2019an, % 61,3 ziren. Bizkaian bizi zirenak % 56,7 ziren eta 2021ean % 73,2.
  • Bizkaia bisitatu baina Lurraldean ostaturik hartzen ez dutenak, Estatuko beste lurralde edo eremu batzuetan edo beste herrialde batean hartzen dutelako. Kasu honetan batez beste zortzi ordu baino gehiago igarotzen dituzte gure lurraldean eta batez beste 64,8 euro gastatzen baitituzte

Txangozaleek gehienbat (% 74,2) jarduera gastronomikoak egiten dituzte, baita bisita kulturalak ere (% 65,6). Kirol-jarduerek (% 18,5), tokiko produktuen erosketak (% 8,6) eta hondartzaz eta eguzkiaz gozatzeak (% 6) osatzen dute txangozaleek gehien eskatzen dituzten planen zerrenda.