ARABAKO ESIKO LARRIALDI BERRIAK MARTXAN HASI DIRA TXAGORRITXU AUOKO ERAIKIN BERRIAN

0

Osakidetzako Arabako ESIk beste kokapen bat du gaurtik, otsailaren 2tik, Larrialdi Zerbitzurako. Horrela, premiazko osasun-arreta behar duen pertsona orok Txagorritxu AUOko larrialdi berrietara joan beharko du. Espazio berri honek, zabala, modernoa eta balio anitzekoa, hobekuntza dakar, bai paziente eta senideentzat, bai profesionalentzat. Santiago AUOko larrialdiak ez dira desagertuko, eta espezializatu egingo dira Arabako ESIko medikuek bideratutako larrialdiko arretan.

Arabako ESIko Larrialdietako Zerbitzuaren lekualdaketa gau honetan egin da, eta denbora-tarte horretan larrialdietako arretak ez du eraginik jasan. Espazio hau AUO Txagorritxuko Zerbitzu Orokorren eraikin berriko (E eremua) -1 solairuan dago, Pediatriako Larrialdien ondoan.

Pazienteak AUO Txagorritxuko Zerbitzu Orokorren eraikineko (E eremua) Larrialdietako atetik sartzen dira gune berri honetara, eta eguneko 24 orduetan dago erabilgarri.

Kokapen berri honek Arabako herritarren premiazko arreta berrantolatzea dakar; izan ere, espazioak box eta kontsulta gehiago ditu, azken belaunaldiko hornidura teknologikoa eta monitorizazio-sistema aurreratuak. Horren guztiaren ondorioz, pazienteen asistentzia-kalitatea eta erosotasuna nabarmen hobetu dira.

Instalazio berrietarako sarbidea erosoa eta irisgarria da, bai autoz doazenentzat, bai garraio publikoan doazenentzat. AUO Txagorritxurekin komunikatzen diren autobus-lineak L2 Periferikoa eta L7 Borinbizkarra – Salburua dira, eta tranbiaz ere heldu daiteke Ibaiondorako noranzkoan.

Gaurtik aurrera, bere kabuz Larrialdietara joaten diren pertsonek AUO Txagorritxuko instalazio berrietara jo behar dute. AUO Santiagon, Larrialdietako Zerbitzua ez da desagertzen, baina Arabako ESIko medikuek bideratutako pertsonak bakarrik artatuko dira edota 112 zenbakiarekin harremanetan jarri ondoren anbulantzia bidez bideratutakoak.

 

Larrialdi Orokorretako espazio berriaren ezaugarriak:

 

  • 2 triaje-gela
  • 12 kontsulta (orokorrak eta espezializatuak)
  • Egonkortze-gela
  • Prozedura-gela
  • 39 box orokor (horietako 9 banakakoak)
  • 18 behaketa-box

 

 

 

 

 

 

Larrialdietako Laborategia

 

Urtarrilaren 13tik Larrialdietako Laborategia martxan dago Zerbitzu Orokorren eraikin berrian, Larrialdietako Zerbitzuaren ondoan, AUO Txagorritxuko E eremuko -1 solairuan, 120 m2-tik gorako azalerarekin.

 

Pediatriako Larrialdiak

 

Pediatriako Larrialdietarako sarbidea, orain arte AUO Txagorritxuko ate nagusitik egiten zena, gaurtik, otsailaren 2tik aurrera, Zerbitzu Orokorren eraikin berriko Larrialdietako atetik egingo da eta eguneko 24 orduetan dago erabilgarri.

 

 

Iñigo Urkullu Lehendakariak instalazio horietara egin berri duen bisitan nabarmendu zuenez, pandemiak Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat ahalegin berezia izaten ari den arren, osasun-zerbitzuaren kalitatea egunero hobetzeko eta instalazioak eta ekipamenduak hobetzeko lanean jarraitu dute.