EUSKADIK, URTEBETEKO EPEAN, GUTXI GORABEHERA, PROTOIEN ERRADIOTERAPIAKO EKIPO MODERNO BAT IZANGO DU, MINBIZIA TRATATZEKO

0

Ekipo berriak 28 milioi euroko balioa du, eta Amancio Ortega fundazioak eman du dohaintzan. Haren bidez, tumore batzuk oso modu lokalizatuan eta zehatzean trata daitezke eta, hala, inguruko ehun osasuntsuak irradiatzea ekidin daiteke.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bi proposamen aurkeztu zituen Euskadin ekipo berria instalatzeko eta pasa den urriaren 20an Osasun Sailaren, Osasun Ministerioaren eta Amancio Ortega fundazioaren artean protoiterapiako 10 makina autonomia-erkidegoen artean banatu eta instalatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmena betetzeko.

Euskadiko proposamenak Gurutzetako Ospitalearekin eta Onkologikoarekin lotuta zeuden. Atzo, autonomia-erkidegoen, Osasun Ministerioaren eta fundazioaren artean protoiterapiako 10 makinen kokapen geografikoa erabakitzeko eginiko eztabaida-prozesuaren ondoren, EAEkoa Onkologikoaren ondoan Osakidetzaren jabetzako lurzati batean egongo dela erabaki zen.

Makina hori Osakidetzak kudeatuko du, eta erreferentziazkoa izango da Euskadiko, Nafarroako, Errioxako, Kantabriako eta Gaztela eta Leongo Burgosko eta Soriako probintzietako herritarren osasun-asistentziarako.

Akordioak ezartzen duenez, Euskadiko arduratuko da ekipoa hartuko duen eraikina eraikitzeko, hura instalatzeko eta martxan jartzeko egin behar den inbertsioa egiteaz; horrek 3 milioi euroko inbertsioa ekarriko du. Tartean izango diren langileei prestakuntza emateko planak abiaraziko ditu, ekipoaren mantentze-lana egingo du eta gailu berria abian jarriko du, 12 hilabete inguruko epean.

Protoiterapia erradioterapiako modalitate berezia da; oso leku gutxitan dago ezarrita eta protoiak erabiltzen ditu, X izpien edo elektroien ordez. Horiek aukera ematen dute erradiazioa lokalizatuago askatzeko, eta, ondorioz, dosia hobeto banatzen da eta inguruneko ehun osasuntsuaren erradiazioa txikiagoa da; hala, gutxitu egiten dira tumorearen inguruneko organo eta ehunen kontrako ondorio berantiarrak eta murriztu egiten da bigarren tumoreak garatzeko arriskua. Hori bereziki esanguratsua da biziraupen luzeko pazienteetan, bereziki populazio pediatrikoan.