Bizkaiko Aldundiak Idazkide tresna abian jarri du erakundearen barne komunikazioan euskararen erabilera sustatzeko

0

Bizkaiko Foru Aldundiak Idazkide tresna aurkeztu du gaur goizean. Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko foru-diputatuak aurkeztu du Aldundiko langileen eskura jarri den eta itzulpen- eta kontsulta-zerbitzuak eskainiko dituen tresna berria.

Lorea Bilbao Ibarrak adierazi duenez, «garapen teknologiko horren helburua Bizkaiko Foru Aldundiko langile guztiei baliabideak ematea da, autonomiaz testuak euskaraz ere idatz ditzaten, langileek euskarazko testuak egiteko izan dezaketen segurtasun- eta ohitura-faltari aurre eginez. Izan ere, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planari erantzunez, herritarrekiko idatzizko harremanetan euskararen erabilera ziurtatu eta erakundearen idatzizko barne-komunikazioetan euskara sortze-hizkuntza gisa sustatu behar da. Eta Idazkidek horretan ekarpen handia egingo du».

Teknologia berrien laguntzaz administrazioan euskararen erabilera sustatzeko modu berri bat da, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzatik eginiko proposamena egin eta Lantikek Idazkide osagarria garatzeko lanari ekin zion, tresna hainbat motatako ofimatika-tresnekin integratuz. Tresnaren garapenaren funtzio batzuk betetzeko, Itzultzaile Neuronalak eskaintzen dituen itzulpen-gaitasunak erabili dira.

Idazkidek, alde batetik, itzulpen-motor baten bidez euskarazko eta gaztelaniazko itzulpenak egiteko aukera ematen du, eta, bestetik, tresnatik bertatik hizkuntza-kontsultak helarazteko aukera eskaintzen du. Sortzen diren hizkuntza-zalantzak Euskara Zuzendaritza Nagusiko talde teknikoak aztertu eta erantzungo ditu.

Tresna oinarrizko ofimatikako programetan (Outlook, Word, Excel, PowerPoint) erabil daiteke, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Planaren garapenean laguntzen duen neurrian, tresna gisa erabilpen ugari izan ditzake; besteak beste:

  • Idazkide euskarazko eta gaztelaniazko testuak sortzeko tresna izan daiteke: tresna hori barne-komunikazioko testuetarako erabiliko da, helburua lan-eremuan euskararen erabilera sustatzea baita. Horregatik, gutxieneko ezagutza behar da bi hizkuntzetan, euskarazko eta gaztelaniazko testuen arteko hizkuntza-egokitasuna bermatuko duten testu elebidunak egiteko. Baina testu arautzaile eta erabakitzaileak, hau da, dekretuak, aginduak, ebazpenak eta iragarki ofizialak, besteak beste, Itzulpengintza, Terminologia eta Hizkuntza Teknologia Atalera bidaliko dira, orain arte bezala.
  • Idazkide, euskaraz bakarrik idatzitako testuak ulertzea errazten duen tresna izan daiteke, eta barne erabilerarako testuetan, posta elektronikoetan adibidez, euskara hutsez lan egiteko pausoak ematen lagundu dezake.

Tresna probaldian egon zen 2021eko azaroan. 50 langileren esku jarri zen. Langile horien erantzuna eta tresnari buruzko iritzia oso positiboa izan dela ikusirik, pixkanaka Aldundi osora hedatzen hasi da 2022ko urtarriletik aurrera, eta 2022an Aldundiko langile guztiek izango dute eskura Idazkide. Une honetan 600 langilek baino gehiagok dute Idazkide tresna eskura eta tresna jarri denetik, langileek 1.300 alditan erabili dute tresnaren itzulpen-zerbitzua  eta 230 aldiz adituaren kontsula-zerbitzua.