%35eko aurrezpena Donostiako Smartkaleko guneetako saltokietako faktura elektrikoan

0

Donostiako Smartkalea programaren barruan dauden guneetako hogeita hamar bat saltokik % 35erainoko aurrezpena lortu dute beren energia-fakturetan, merkaturatzaileei hornidura elektrikoaren prezio lehiakorragoak eskatzeko elkartu baitira.

Talde horiek Donostiako Sustapenak sustatzen ditu. Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak nabarmendu duenez, “asmoa da Smartkalea, Alde Zaharra, Altza eta Antso Jakituna eremuetan dauden merkataritza-establezimenduen interesak batzea, enpresa elektrikoei energia elektrikoa erosteko eskaintzak eskatzen baitizkiete, erabiltzaile bakoitzak energia horren hornikuntzan banaka lor litzakeenak baino prezio lehiakorragoekin.”

Gainera, ingurumen-jasangarritasuna sustatzen da, eta enpresa merkaturatzaileari exijitzen zaio hornitutako energia elektrikoa %100 berriztagarria izatea; horrek ingurumen-inpaktua hobetzea eta atmosferara CO2 isurketak murriztea dakar.

Erosketa taldekatuko ekimen hau 2017an hasi zen, SmartKalea proiektuari atxikitako Alde Zaharreko establezimenduentzat. Hurrengo urteetan, Altzako Smartkalea eta Antso Jakitunaren kalea programak gehitu zitzaizkien. 2021az geroztik, energia-eraginkortasun indibidualizatuari buruzko aholkularitza jaso duten Txominen etxebizitzak ere sartu dira.

Garmendiak azpimarratu du “saltokiek gero eta interes handiagoa dutela ekimen horrekiko. Iaz %22 hazi zen elkartutako saltokien kopurua. Oraindik bat egiten ez dutenak animatu nahi ditugu, kontsumo elektrikoaren fakturetan ematen duen interes ekonomikoa ikusita”. Sektoreka, modakoak eta osagarriak izan ziren gehien parte hartu zutenak, baita elikadura-establezimenduak ere.