Karnabalak antolatzea adostu dute eragileek eta Azpeitiko Udalak

0
Azpeitiko Udalak bilera egin berri du karnabalak antolatzeko lanetan aritzen diren eragileekin, eta adostasunez,karnabalak egitea eta ohiko egutegiari eustea adostu dute. Datozen asteetan elkarlanean arituko dira eragileak eta udala ekintzak aurrera eramateko guztia antolatzen.
Gaurtik aurrera osasun larrialdi egoera bertan behera geratu eta egun indarrean dauden neurriak indargabetu egingo direla iragarri zuen atzo LABIk. Erabaki horren ondotik, karnabaletarako eragileek dituzten asmoen berri izateko bilera deitu du udalak gaurko. Hala, eragile guztiek beren ohiko ekintzak antolatzeko gogoz daudela jakinarazi dute eta festak ohi bezala antolatzea erabaki dute adostasun osoz.

15 egunen buruan hasiko dira festak, baina udalak “betiko karanabalak” antolatzeko ahalegina egingo duela adierazi du Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak: “Duela bi urteko karnabalak bukatu eta egun gutxira ezarri zuten osasun alarma egoera. Eta bi urtera, egoerak festak antolatzeko aukera eskaintzen digu. Falta diren bi asteetan ahalegina egingo dugu herritarren gozagarri izango diren karnabalak antolatzeko”. Gaurtik aurrera, beraz, eragileekin elkarlanean arituko da udala ekintzak aurrera eramateko.

Bidenabar, Odriozolak eskerrak eman nahi izan dizkie eragileei: “Badakigu bi urte hauetan gauza asko utzi behar izan ditugula bertan behera. Ez dira erabaki errazak izan, buruak eta bihotzak gauza ezberdinak nahi izan dituztelako. Hala ere, ardura kolektiboaz jabetuta hartu ditugu erabaki guztiak. Eta benetan eskertzekoa da”.