Osakidetzaren web-orria estatuan erabilerraztasunari dagokionez osasun-arloan dagoen orrialde onena izendatu dute

0

Web-ataria, Osakidetza.euskadi.eus, osasun-eremuan erabilerraztasunari dagokionez onena izendatu da Webeko Erabilerraztasun Behatokiaren azken txostenean; Behatokia Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren mende dago. Osakidetzaren web-orria lehen postuan dago eskuragarritasunean, aztertu diren autonomia-erkidegoetako osasun-arloko webguneen artean.

Web-orrien analisia urtero egiten da, eta webguneen erabilerraztasunari eta sektore publikoko erakundeetako gailu mugikorretarako aplikazioei buruzko Europar Batasunaren Zuzentaraua betez. EAEko osasuneko webguneak 9,8 puntu lortu ditu, 10etik.

Osakidetzak erabat eraldatu du Osakidetzaren web-orria, atariak Europako erabilerraztasunari buruzko estandarrak betetzeko eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen aldetik webeko informaziora ahalik eta sarbide hobea eskaintzeko.

Osakidetzak kalitateko webgunea sortzearen aldeko apustua egin du, ez-baztertzailea, edonork erabil dezakeena, desgaitasunen bat duten pertsonen beharretara egokitua eta beste zenbait alderdi kontuan hartzen dituena, hala nola plataforma anitzeko sarbide unibertsalerako erraztasuna eta konplexutasun maila baxua gutxieneko nabigazio maila posibleen erabileraren bidez. Helburua izan da dibertsitate funtzionala duten pertsona askok webgune, aplikazio, teknologia edo tresnetan desgaitasuna eta aniztasuna kontuan hartu gabe diseinatzen direnean izaten dituzten komunikazio eta elkarrekintza arloetako oztopoak ezabatzea.

 

Osakidetzaren webgunea tresna erabakigarria herritarrentzako pandemian

Osakidetzaren webguneak funtsezko eginkizuna bete du, herritarrei informazioa   emateko, 2019an erabat birmoldatu zenetik, eta funtsezko eginkizuna bete du Covid-19aren pandemian. Osakidetzaren webgunea EAEko osasunak pandemian herritarrei arreta emateko izan duen tresna nagusietako bat izan da; batez beste, 68.500 bisita izan ditu egunean, 2020ko martxotik hona. Datuek erakusten dute asko hazi dela webgunearen erabiltzaileen kopurua pandemia-sasoian; 9.600.000 erabiltzaile izatera iritsi da, eta, beraz, hirukoiztu egin da 2019ko zifra.

Herritarren aldetik eskaera gehien izan duten online zerbitzuez gainera –hala nola aurretiazko hitzordua web-orriaren bidez edo Osasun Karpetarako sarbidea–, Covid-19aren txertaketa-prozesuari buruzko guztia ere kudeatu da, eta, ondorioz, bisita kopurua nabarmen igo da; guztira, 47.300.000 bisita izan ditu Osakidetzaren web-orriak, pandemia hasi zenetik.

 

50 milioi bisita baino gehiago Euskadi.eus atariko koronabirusaren atalean

Bestalde, Osasun Sailaren orrialdeak, Koronabirus berriari buruzko gardentasuna atalean, 50 milioi bisita izan ditu, Covid-19aren pandemiaren ondorioz abian jarri zenetik ia bi urteko aldian.

Honako hauek izan dira bisita gehien izan duten edukiak:

  1. COVID-19 datuak Euskadin
  2. EBko COVID Ziurtagiri Digitala
  3. COVID hasierako orria
  4.  Nola jokatzen dut?
  5. COVID-19aren txertoa