Berdintasun politiken 2030era begirako bide orria onartu dute euskal udalek

0

Atzo arratsaldean, Berdinsareak urteko lehen osoko bilkura egin zuen EUDELen Bilboko egoitzan. EAEko hiru lurraldeetako 77 euskal udalerri eta Aiarako kuadrilla biltzen ditu sareak, eta, Berdinsarean parte hartuz, berdintasunean aurrera egiteko politika eta ekintza berritzaileenen diseinuaren aitzindari dira, tokiko mailan. Sareak euskal biztanleriaren % 80 biltzen badu ere, euskal udalerrien ehuneko ehunera hedatzen dira haren ekintzak, EUDELek koordinatzen baititu, Eusko Jaurlaritzaren sostenguarekin, Emakunderen bitartez, eta foru aldundiekin lankidetzan baitihardu.

Osoko Bilkura da Berdinsarearen gobernu organo gorena, eta sareko kide diren udaletako alkateek eta zinegotziek osatzen dute. Organo horren egiteko nagusia da urteko Ekintza Plana onartzea, baita aliantza eta proiektu eraldatzaile berriak sustatzea ere, berdintasuna erakundeen eta gizartearen lehentasun gisa jartzeko.

Ekintza eta protokolo koordinatuak zehazteko udalerrien arteko lankidetza, finkatutako jarduketa irizpideak oinarri hartuta; horixe izan zen Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak osoko bilkuran egindako hitzaldietan nabarmendu zituzten “indarguneetako” bat.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu zuen Berdinsarea berdintasunaren arloko jardunbide egokien eta erakundeen arteko lankidetzaren adibide dela. Hain zuzen ere, Landaidak gogorarazi zuen EUDELen eta Emakunderen arteko berdintasunaren aldeko aliantza 2005ean Berdintasunerako Legea onartu ondoren sortu zela, eta adierazi zuen espero duela, orain, legearen aldaketa onartzea “pizgarri izatea aliantza hori are gehiago indartzeko eta berdintasunaren alde elkarlanean jarraitzeko.”

Emakundeko zuzendariak, halaber, Generation Equality ekimenean parte hartzeko deia egin zien udalei. Ekimen horren helburua da, hain zuzen, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko Herri Ituna lortzea.

EUDELen izenean, Gorka Urtaranek bereziki nabarmendu zuen Berdinsareko kide izateak udalei dakarkien eskakizun handia. “Ez da erraza beti abangoardian egotea, baina animatu nahi zaituztegu gure aitzindari izaten jarrai dezazuen, zuen lanak 251 euskal udalerriei egiten baitie mesede. Elkarrekin egiten badugu aurrera, urrunago iritsiko gara eta gure ekintzek eragin positibo handiagoa izango dute gizartean”.

Ildo horretatik, elkarteburuak gaur egungo testuinguruak irudikatzen duen “aukera hirukoitza” azpimarratu zuen; hain zuzen ere, Berdintasunerako euskal lege berria; udalerriek bultzatutako eraldaketa soziala, “pertsonak erdigunean dituena”; eta euskal udalek, EUDELek koordinatuta, Garapen Iraunkorreko Helburuei egiten dieten ekarpena. Horri loturik, Gorka Urtaranek gogorarazi zuen Berdinsareak bultzatuak direla Euskadiko 2030 Agendaren baitako tokiko 15 proiektuetatik lau.

2022rako ekintza plana

Elgoibarko alkate eta EUDELen Batzorde Eragileko berdintasuneko ordezkari Ane Beitiak hitza hartu zuen osoko bilkuraren hasieran. Berdinsarearen jardueraren balantzea aurkeztu zuen, eta baieztatu zuen Berdinsarea “osasun egoera onean” dagoela. Halaber, alkateak azaldu zuen beste udalerri batzuk sartzeak “gure sarea indartzen duela, eta biderkatu egiten duela udalok, berdintasun politiken alorrean, proposamenak eta jarrera kolektiboak abiarazteko daukagun gaitasuna”.

Bilkuraren puntu nagusi gisa, Osoko Bilkurak aurten hasi eta udal legealdi hau amaitu bitartean garatu beharreko ekintza plan berria aurkeztu zuen. Hauek dira ekimen nabarmenenetako batzuk: Tokiko berdintasun politiketan kalitateari buruzko estandarrak txertatzea; Gida bat argitaratzea EAEko udalerri txikietan berdintasun politikak garatzeari buruz; Udalen artean esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzea (“Berdintrukeak”); Euskadiko 2030 Agendarako proiektuak diseinatzea eta abian jartzea (Zaintzen tokiko eredu bat ikuspegi feministatik, Indarkeriaren biktimen arreta integralerako tokiko koordinazio protokoloak, Virginia Woolf Basqueskolaren babestea eta Berdintasunaren aldeko tokiko hautetsien sarea bultzatzea).

Erreferentziazko udalerrien sarea

BERDINSAREA Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea 2006an sortu zen, EUDELen eta Emakunderen laguntzarekin, udal gobernuen maila goreneko konpromisoa bateratzeko xedeaz.

15 urte baino gehiagoko ibilbidearekin, Berdinsarea erreferente gisa finkatu da Euskadin nahiz Europan, eta esperientzia eredugarritzat hartu du Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (EUEK) Berdintasun Batzordeak.

Berdinsareko kide izateko, baldintza jakin batzuk bete behar dituzte udalerriek, besteak beste, Berdintasunerako Tokiko Plan bat onartuta izatea eta plan hori gauzatzeko beharrezko langileak eta baliabideak edukitzea. Era berean, emakumeek eta erakunde feministek parte hartzeko egiturak eta bideak eduki behar dituzte.

Informazio gehiago: https://berdinsarea.eus/eu/sarea