Barakaldok lokal berri bat «bakarra» jarri du martxan, familientzako euskarazko kultur jarduerak eta tailerrak eskaintzeko

0

San Bizente auzoak Kilima Faktoria Euskara Bilgunea estreinatuko du gaurtik aurrera, Udalak Hala Dziporekin batera bultzatu duen proiektu berria, familia barakaldarrak euskarazko kultur ekimenen inguruan biltzeko. Gure herrian gero eta jende gehiagok daki edo hitz egiten du euskaraz. Gaur egun, biztanleen %23k dakite euskaraz, eta 1986an, berriz, %2,6k. Familiek, batez ere, euskarazko ereduak aukeratzen dituzte txikienen hezkuntzarako. Gurasoek gero eta proportzio handiagoan dakite edo ikasten dute euskara, eta, horren ondorioz, egokia da honelako gune bat sortzea, helburu izango duena euskara bizitzeko eta gozatzeko aukera eskaintzea espazio bakar, abegitsu eta inklusibo batean, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak Eider Zenarruzabeitia eta David Nanclares Hala Dzipo musika eskolako arduradunekin batera adierazi duenez.

Gune berri honen helburua ondo pasatzeko eta euskara eta euskal kulturaz gozatzeko topagunea izatea da. Horretarako, familia, irakurketa eta zinema tailerrak egingo dira. Programazioa ostiralero egingo da eta doakoa da. «Jarduera hauetan parte hartu ahal izateko ez da beharrezkoa euskararen ezagutza handia izatea, ondo pasatzeko eta familian gozatzeko gogoz etortzea besterik ez», esan dute.

Euskara Bilgunea sortzea zen Amaia del Campo alkateak herritarrekin hartu zuen konpromisoetako bat legegintzaldi berri honetan gauzatzeko. «Pandemiaren ondorioz bidean aurkitu ditugun zailtasunak gorabehera, espazio hau errealitate bat da gaur egun, euskararen alorrak egindako lanari esker, eta, jakina, Hala Dziporen atzean dauden pertsonei esker, konpromiso handia baitute euskararekin eta San Bizente auzo honekin, eta, beraz, ziur nago harrera ezin hobea izango duela», adierazi du Del Campok.

Jardueretan parte hartzeko izena eman behar da euskara@barakaldo.eus helbide elektronikoan eta 696 196 332 telefonoan.