Kiroleko Dopinaren aurkako Legea Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du Bingen Zupiria sailburuak

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondorekin batera, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean aurkeztu du gaur Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen bigarren aldaketaren proiektua. Lege horren lehenengo aldaketa 2018an egin zen (1/2018 Legea, ekainaren 7koa), Dopinaren aurkako Munduko Kodean egindako aldaketetan oinarrituta. Bigarren aldaketarako, Dopinaren aurkako Munduko Kode berria hartzen da kontuan, Polonian egindako Dopinaren aurkako V. Munduko Konferentzian onartua 2019ko azaroan, eta 2021eko urtarrilaren 1ean indarrean jarria. Gaur onartutako testua 2021eko abenduaren 28ko Gobernu Kontseiluan onartu zen eta gaurko agerraldiarekin hasiera ematen zaio Eusko Legebiltzarreko tramitazioari.

Kiroleko Dopinaren aurkako Legearen bigarren aldaketaren proposamena Dopinaren aurkako Munduko Kodean jasotako arau eta irizpideen arabera interpretatu behar da, Dopinaren aurkako Munduko Agentziak onartu eta argitaratutako estandar internazionalak eta erakunde horrek unean-unean ezarrita dituen dokumentu teknikoak barne. Aldaketak kirolarien sailkapen bat ere hartzen du barne, haien kirol-maila —internazionalak edo ez— eta egoera —federatuak edo ez— kontuan hartuta. Kirolariak honela sailkatzen dira:

  • Nazioarte mailako kirolari federatuak: federatuta dauden eta, horrez gain, lortu dituzten emaitzak edo maila direla-eta, unean uneko nazioarteko federazioak —entitate horrek zehaztutako irizpideen arabera— federatutzat jotzen dituen pertsonak.
  • Nazioarte mailakoak ez diren kirolari federatuak: federatuta egon arren nazioarte mailakotzat jotzen ez diren pertsonak. Era berean, halakotzat hartuko dira federazio-lizentziaren indarraldia amaitu zaiela-eta une jakin batean federatuta ez egon arren berriro federatuta egongo direla eta kirol-jarduera garatzen jarraituko dutela aurreikusten den pertsonak.
  • Amateurrak: federatuta ez egon arren, lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren kirol-lehiaketa edo -jardueretan parte hartzen duten pertsonak, haietan erregulartasun handiagoz edo txikiagoz parte hartzen dutela ere.
  • Babestuak: jarraian adierazitako egoeretako batean dauden pertsonak.
    • Dopinaren aurkako araudia haustean hamasei urte beteta ez dituztenak.
    • Dopinaren aurkako araudia haustean hemezortzi urte beteta ez dituztenak, baldin eta kontrol-talde erregistratu batean sartuta ez badaude eta ez badira inoiz lehiatu kategoria irekiko edo absolutuko nazioarteko ekitaldi batean.
    • Adina ez den beste arrazoi bat dela eta, indarrean dagoen legeriaren arabera gaitasun juridikorik ez dutenak.

Hala, kirolari bakoitzari eskatu ahal izango zaizkion betebeharrak edo erantzukizunak ezartzen ditu legeak, haien tipologiaren arabera.

Kiroleko Dopinaren aurkako Legearen bigarren aldaketak beste erantzukizun bat ere jasotzen du kirolarientzat, haien inguruko langileentzat eta botere publikoentzat, pertsona bati dopinaren arloko arau-hauste batengatik zigor, diziplina edo administrazio-zehapen bat ezarri zaionean , ez jasotzea hark emandako kirol-zerbitzurik. Pertsona horien estaltzaile edo bitartekari gisa jarduten dutenekiko lotura ere sartzen da erantzukizun horretan. Arau hori haustea oso larritzat hartuko da.

Era berean, arau-hauste oso larritzat hartuko da edozein motatako mehatxu edo larderia-egintza bideratzea, dopinaren aurkako arauekin, Dopinaren aurkako Munduko Kodean aurreikusitakoarekin edo lege honekin lotutako ustezko arau-hauste edo ez-betetze bati buruzko informazioa jakinarazteko asmoa kentzeko. Kasu horretan, eta gertatutakoaren larritasunean eta zirkunstantzietan oinarrituta, eten, kendu edo eragotzi egingo da federazio-lizentziaren lorpena, bi urtez gutxienez edo betiko.

Dopinaren aurkako organoak bitan zatitu ahal izango du kirolariari hartutako lagina, balizko arau-hausteen preskripzio-epearen barruan analisi berriak egin ahal izateko. Laginak gordetzeko gehieneko epea 10 urtekoa izango da, jasotzen diren egunetik zenbatzen hasita.

Araudi berriaren arabera, debekatutako substantzien eta metodoen zerrendan abusuzkotzat jotzen diren substantzia batzuk sartzen dira: gizarte-eremu jakin batzuetan zenbaitetan erabiltzen direnak, baina kirol-errendimendua hobetzeko interesik edo helbururik gabe. Arau-hausleak frogatu ahal badu substantzia hori lehiaketatik kanpo hartu zuela eta kirol-errendimenduarekin zerikusirik ez duela, hiru hilabetekoa izango da etete- edo desgaikuntza-aldia. Kasu horietan, zaleak edo babestuak edo babestuak izanez gero, kargu hartze hutsa izan daiteke aplikatu beharreko zehapena, etenaldirik edo desgaikuntzarik ezarri gabe.

Aldaketaren arabera, arau-haustetzat hartuko dira honako jokabide hauek ere, saiakera-maila sinplean eginak direnean, nahiz eta gauzatu ez:

  • Kirolean debekatutako edo baimendu gabeko substantziak edo metodoak erabiltzea edo kontsumitzea.
  • Dopina kontrolatzeko eta zigortzeko prozeduretako edozein elementu aldatzea, faltsutzea edo manipulatzea.
  • Kirolariei substantziak ematea, banatzea, eskaintzea, erraztea edo hornitzea, edo kirola egiteko arauz kanpoko edo debekatutako metodoak erabiltzea.
  • Metodo edo substantzia debekatuak edo arauzkoak ez direnak erabiltzeko egoerak sustatzea, bultzatzea, eragitea edo erraztea, edo beste edozein jarduera baldin eta kirolariak bultzatzen baditu dopina kontrolatzeko arauek onartzen ez dituzten produktuak erabiltzera edo jokabideak erakustera, kirolean debekatutako edo baimendu gabeko substantziak edo metodoak kirolarien eskueran jartzea helburu hartuta.
  • Kirol-zentroetan kirolean debekatutako substantziak eta metodoak uztea, merkaturatzea edo banatzea, edozein modalitatetan. Era berean, debekatuta dago aipatutako kirol-zentroetan substantziak eta produktuak kontsumitzera bultzatzea.

Gainera, pertsona batek onartzen badu egindako arau-haustea edo dopinaren aurkako erakundeak proposatutako zehapena, etenaldia edo desgaikuntza-aldia murriztu ahal izango da, betiere kontuan hartuta arau-haustearen larritasuna, erruduntasun-maila eta arau-haustea onartzeko azkartasuna. Era berean, zehapena betetzen ari den bitartean, kirolari bat izanez gero, lehiaketaz kanpoko dopin-kontrolak egin ahal izango zaizkio zehatuari, eta kontrol horiek egitera bideratutako zenbait betebehar betetzea eskatu ahal izango zaio, besteak beste, datuak ematea, lokalizaziorako. Zehapena jaso duen pertsonak, ezarri zaion etenaldian edo desgaikuntza-aldian, ez badu bete debekatu zaizkion lehiaketa edo jardueretan ez parte hartzeko betebeharra, lortutako emaitzak ez dira onartuko, eta jatorrizko zehapen-aldiaren amaieran beste etenaldi edo desgaikuntza-aldi bat gehituko zaio, jatorrizkoaren edo hasieran ezarritakoaren iraupen berekoa.

Kiroleko Dopinaren aurkako Legearen bigarren aldaketak ere indartu egiten du pasaporte biologikoaren tresnak duen bideragarritasuna, dopinaren alorreko arau-hauste jakin batzuk egin ote diren zehazteko trena baliozkoa eta onargarria delakoan. Legean ezartzen denez, pasaporte biologikoan kontrako emaitza bat lortzea aditu-froga izango da, eta balio zientifikoa izango du, debekatutako substantziak erabiltzeari edo kontsumitzeari edo debekatutako metodoak erabiltzeari dagokion arau-haustea existitzen dela jotzeko. Kasu horietan, Dopinaren Aurkako Munduko Agentziaren emaitzen kudeaketari, kontrol eta ikerketei eta laborategiei buruzko nazioarteko arauak errespetatu eta kontuan hartu beharko dira.

Dopinaren aurkako agentzia

Bingen Zupiria sailburuak Dopinaren aurkako Euskal Agentziaren garrantzia aipatu du Eusko Legebiltzarreko bere agerraldian eta 2021ean agentzian izan duen jardunaren inguruko datu batzuk aurreratu ditu. Zupiriak azaldu duenez “2021 urte garrantzitsua izan da Dopinaren aurkako Euskal Agentziarentzat, pandemiaren astinduaren ondoren, lortu delako pandemia aurreko datuetara itzultzea eta bere jarduna normaltasunera itzultzea. Hain zuzen, 315 izan dira iaz Agentziak egin dituen kontrolak”. 2020an egin ziren kontrol kopurua bikoitzen du aurtengoak.

Gainera misioei dagokienez, agentziak laginak hartzeko erabiltzen dituen kirol-proben kopurua, ere normaltasuna berreskuratu da. “Normaltasuna berreskuratu dugu, baita gainditu ere; izan ere, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren historiako misioen urte errekorra izan da 2021a, 83 misiorekin, 2020aren ia bikoitza” azaldu du Zupiriak.