Euskal Poliziarako deialdi bateratuko lehenengo azterketak martxoaren 19an egingo dira BECen

0

Datorren martxoaren 19an hasiko dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Center erakustazokan Euskal Poliziako oinarrizko eskalako 497 agente plazetako bat lortzeko hautaprobak. Zehazki, 424 plaza Eusko Jaurlaritzak deitu ditu Ertzaintzaren hogeita hamaikagarren promozioko agenteentzat eta 73 Euskadiko 32 udaletako udaltzain-plazetarako dira. Kopurua handitu ahal izango da hautaketa-prozesuak irauten duen denboran, datozen hilabeteotan, plaza hutsak sortzen badira deialdia egin duen administrazio publikoetako batean.

Behin behineko datuen arabera, 4.388 pertsonak eman dute izena legealdi honetan egingo den bigarren deialdi bateratuan. Datuen genero-ikuspegia kontuan hartuta, nabarmendu behar da hautaketa-prozesu honetan izena eman duten pertsonen % 31 (1.346) emakumeak direla, eta era horretara, beraz, indartu egiten da emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa. Gainerako % 69 (3.042) gizonak dira.

Lurraldez lurralde, Euskadin bizi diren eta izena eman duten hautagai gehienak bizkaitarrak dira, % 60,1 (2.639), alegia; Gipuzkoakoak % 20,1 dira (880) eta, azkenik, Arabakoak % 12,8 (561). Gainerakoak, % 7 (308) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora bizi dira, eta zifrak behera egiten jarraitzen du aurreko urteekin alderatuta.

Hautagai gehienak, % 58 20 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, baina asko dira, % 36, alegia, 30 urtetik 38 urtera bitartekoak ere. Gainera, izena eman dutenen % 60k egiaztatu dute hizkuntza-eskakizunen bat, gehienek 2.HE, eta oraindik kopuru horiei batu behar zaizkie euskaraz egindako ikasketa ofizialak aitortzen dituzten ziurtagiriak (probak BECen egin ondoren jasoko dira). Hori guztia lagungarria izango da Euskal Poliziako kidegoen % 100 euskaldunak izateko helburua lortzeko bidean aurrera egiteko, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin bai barneko lanean bai herritarrei arreta ematean.

POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIA

Oraingoan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia ari da prestatzen Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente berrientzako deialdi, hautaketa eta prestakuntza prozesu berri hau, eta gauzatu ere akademiak egingo du. Prozesu konplexua, zorrotza eta integrala da, eta pare bat urte irauten ditu, eta hiru une garrantzitsu izaten ditu:

  • Hautaketa-prozesua: izen-ematea, kanporaketa-proba guztiak egitea eta agiriak eta merezimenduak egiaztatzea.
  • Prestakuntza-fasea: hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek 9 hilabeteko ikasketa-prozesua, ordaindua, hasten dute, eta Arkauteko instalazioetan egiten da.
  • Praktikaldia lanean: aurreko bi faseak gainditu ondoren, agenteek praktikaldia hasten dute Euskal Poliziaren kidegoetan lortzen duten plazan. Sartzen diren polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak karrerako funtzionario izatera pasatzen dira.