Eusko Jaurlaritzak Ukrainako inbasiotik ihesi doazen pertsona eta familientzako arreta humanitarioa koordinatzen eta gidatzen du Euskadin

0

Eusko Jaurlaritza, pasa den astetik, bere baliabide guztiak antolatzen ari da, “herrialdeko” erantzun antolatua eta koordinatua emateko Ukrainaren inbasioak eragindako egoerari, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur jakinarazi duenez. Sailburuak hitz horiek zuzendu dizkie Erakundearteko Mahai Sozialeko kideei errefuxiatuen egoerari erantzuna emateko; Mahaia Lakuan batu da, premiaz.

Hala, Artolazabalek iragarri du Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak, bere Sailaren mendekoak, 150 plaza gaitu dituela Irunen. Baliabide hori –Hilanderasko zentrora doazen iragaitzazko pertsonei ematen zaien arreta sendotzeko– lehen instantziako helmuga izango da.

“Badakigu egonaldi oso laburretarako pentsatutako baliabide bat dela”, esan dio sailburuak Erakundearteko Mahai Sozialari, Irungo baliabide berriaren inguruan. Hark udalerriko erromesen aterpetxean gaitutako plazak ordezkatuko ditu; “baina, gure ustez, hala badagokio, premiazko eta aldi baterako harrera gisa eskain genezake, harik eta beste baliabide egokiago batera bideratzea lortu arte”.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da iristen diren pertsona eta familiak Zuzendaritzak Berrizen, Tolosan eta Oñatin nazioarteko babesaren eskatzaileei arreta emateko dituen hiru zentroetako batera eramatea. Helburu horrekin, Artolazabalek esan duenez, hiru zentroak berrantolatzen ari dira, epe ertainera eta luzera harrera-plaza gehiago gaitzeko.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hirugarren berri hau ere eman du: helbide elektronikoa ireki da, herritarrak egiten ari diren eskaintza berezi guztiak antolatu eta koordinatzeko. Interesdunek honako helbide honetara jo dezakete: errefuxiatuak@euskadi.eus

“Euskal herritarren eskaintza solidario ugari jasotzen ari gara; izan ere, gerratik ihes dabiltzan familia horientzat harrera-baliabideak eskaintzeko prest daude. Gure ustez elkartasun-erakusgarri horiek ere modu antolatuan eta koordinatuan antolatu behar dira eta, horretarako, helbide elektroniko bat gaitu dugu”, esan du sailburuak.

Halaber, pasa den astean Escrivá ministroari idatzi zion gutunaren berri ere eman du; haren bidez, Eusko Jaurlaritzaren baliabideak eta elkartasuna eskaini zizkion, Espainiako Gobernuak eta Europako agintaritzek ezartzen dituzten premia humanitarioei erantzuteko.

“Eusko Jaurlaritzak zenbait aldiz berretsi ditu, Europako erakundeen eta Espainiako Gobernuaren aurrean, giza eskubideak urratzen diren egoeren aurrean duen konpromisoa eta elkartasuna. Une zail hauetan, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du, berriro, eta bere laguntza eskaini du Ukrainako gerratik ihesean dabiltzan pertsonei harrera egiteko”, esan du Artolazabalek.

Erakundearteko Mahai Soziala

Beatriz Artolazabal Erakundearteko Mahai Sozialaren bilerako buru izan da; bileran Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuetako ordezkariak ere izan dira, hala nola Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusikoak, Hezkuntzakoak, Osasunekoak eta Etxebizitzakoak. Haiekin batera, hiru aldundietako, EAEko hiriburuetako hiru udaletako, Eudeleko eta migratzaile eta errefuxiatuei arreta emateko Hirugarren Sektore Sozialeko elkarteetako –besteak beste, ACCEM Euskadi, Cáritas, CEAR, Zehar Errefuxiatuekin, Gurutze Gorria, Ellacuría fundazioa, MPDL eta Nueva Vida– ordezkariak izan dira.

“Hemen zaudeten guztiok badakizue EAEk berezko baliabideak dituela,  estatu-sistemak dituen plaza humanitarioez gainera, une jakin batean estatu-sistematik irteten diren edo kalteberatasun-egoera zehatz batean dauden babes-eskatzaileei harrera emateko” esan die Artolazabalek.

Jakinarazi du, era berean, bihar Eusko Jaurlaritza EAEn finkatuta dauden ukrainarren elkarteekin batuko dela, bai eta Txernobyleko umeen harrera-familien elkarteen erakunde eta plataformekin ere.