Euskalmeten arabera, otsaila oso lehorra eta beroa izan da

0

Euskalmet  – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, otsaila oso lehorra izan da Euskadi osoan, eta mende honetako hirugarren otsail lehorrena izan da. Nabarmentzekoa da Arabako Errioxan erabat lehorra izan dela. Aldi berean, otsaila beroa izan da, eta Euskadiko batez besteko tenperatura batez besteko normala baino 1,1 ºC altuagoa izan da. Eguzki-orduek batez besteko klimatologikoa gainditu dute, eta % 25 gehiago izan dira gutxi gorabehera.

Euskalmeten arabera, otsaila oso lehorra izan da 1981-2010 aldi normalari dagokionez, eta erabat lehorra izan da Arabako Errioxan. Berez, lurralde osoan espero zen euriaren erdia baino gutxiago egin du. Prezipitazio normalari dagokion ehunekoak pixkanaka egin du behera hegoaldean, eta Ebroren ardatzean, beraz, % 10etik beherakoa izan da. Euri-egunei dagokienez, isurialde kantauriarrean 10-12 egun zenbatu dira, eta balio normalak izan dira, beraz. Isurialde mediterranioan, aldiz, prezipitazio-egunak 1 eta 4 artean ibili dira, batez bestekoaren azpitik nabarmen.

Erreferentziako estazio meteorologikoek emandako datuen arabera, Arabako Errioxan eta Arabako Mendien hegoaldean serie klimatologikoetako otsailik lehorrena izan da, eta Euskadiko puntu gutxi batzuetan, hala nola Bilbo Handian edo Goierrin, mende honetako otsailik lehorrena izan da.

Tenperaturari dagokionez, otsaila beroa izan da Euskal Autonomia Erkidego osoan, eta Bizkaiko itsasertzean hurbildu da gehien batez bestekoetara. Kostaldean hilabeteko batez besteko tenperatura 10 ºC ingurukoa izan da eta Arabako Lautadan 6 ºC ingurukoa. Anomalia positiboa, beraz, 1,1 ºC-koa izan da lurralde osoan, 1981-2010 aldi normaleko batez bestekoaren arabera. Mende honi dagokionez, aurtengo otsaila tartean kokatu da, azken bi urteotan izandako balio oso beroetatik urrun.

Tenperatura bero horiekin batera urte-sasoi honetarako ohikoa dena baino handiagoa izan da intsolazioa. Horrela, Donostian 126 eguzki-ordu zenbatu dira, Bilbon 113 eta Gasteizen 137.

Muturreko fenomeno meteorologikoei dagokienez, Jaurlaritzak 29 abisu hori aktibatu ditu hilabetean zehar, horietatik 15 izotzagatik, 7 olatuen altueragatik nabigaziorako, 4 kostako inpaktuagatik, 2 elurragatik eta 1 ur kolpe eta zipriztinengatik.