Olanok eta Bildarratzek teknologia kuantikoen aldeko apustua indartu dute

0

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek teknologia kuantikoei buruzko jardunaldia inauguratu dute gaur goizean Donostian. Bertan, estrategiak partekatzeaz gain, teknologia horien inguruan irekitzen diren negozio-aukeren berri eman dute. Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan egin den jardunaldian, halaber, arrakasta-esperientziak eta proiektu berriei aurre egiteko dauden laguntza-tresnak azaldu dituzte. Irekitze-ekitaldian, Olanok eta Bildarratzek bat egin dute teknologia hauen potentziala eta Gipuzkoarentzat zein Euskadirentzat duten etorkizuneko aukera azpimarratzerakoan.

Gaurko ekitaldiak indartu egiten ditu bi erakundeak norabide horretan egiten ari diren urratsak, eta joan den irailean Gipuzkoan Teknologia Kuantikoen Polo baten garapena elkarrekin bultzatzeko izenpetu zuten akordioaren esparruan gauzatu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak helburu bera dute: Gipuzkoa eta Euskadi potentzial ikaragarria duen esparru batean erreferente gisa posizionatzea. Horri esker, gizartean inpaktu handia duten teknologia guztiz disruptiboak sortu ahal izango dira, eta sektore askok jasoko dute horien garapenaren onura, bereziki datu asko maneiatzen dituztenek.

Irekiera ekitaldian, Hezkuntza Sailaren Ikur 2030 Estrategia izan du hizpide Bildarratzek. “Estrategia hau politika zientifiko berria baino askoz gehiago da. Kolaborazioaz eta talde-lanaz ari gara”. Estrategia honen baitan, “Ikur-Quantumek abangoardiako zientziak gidatutako ekosistema zientifiko bat sortu nahi du Hezkuntza Sailetik, beste gaitasun batzuk integratuz eta Euskadi Quantum arloko munduko ikerketa zientifikoko nodo gisa bultzatuz”, azaldu du.

Horrela bada, hiru gako nabarmendu ditu sailburuak: euskal sistema zientifikoa indartzen jarraitzea; Euskadin nazioarteko lankidetza sareak sustatzea; eta oinarrizko ikerketatik transferentzia egitea, “gaur egun dugun potentzial zientifikoa maximizatuz, zeregin horretan espezializatutako beste eragile batzuekin lankidetzan aritu behar dugula ulertuta. Gure komunitate zientifikoaren lehiakortasuna areagotu dezaketen politikak artikulatzea da helburua, baina baita gure ekonomiarena eta industriarena ere. Gure sistema zientifikoarentzako jauzi kuantitatibo eta kualitatibo baten aurrean gaude. Euskadi, Europa Hegoaldeko Nodo Aurreratua da Teknologia Kuantikoetan, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu”.

Aldundiak, bestalde, Etorkizuna Eraikiz programaren barruko ‘Gipuzkoa Quantum’ proiektuaren berri eman du, lurraldea teknologia kuantikoen arloko enpresen berrikuntza eta garapenerako hub bihurtzea helburu duena. Markel Olanok Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetza balioztatu du, bere iritziz aukera ematen ari baita “orain arte egindako urratsak bizkortzeko eta Gipuzkoan teknologia horiei lotutako ekosistema indartzeko. Eskutik goaz eta elkarren osagarri gisa ari gara lanean. Aldundian balio-katea, enpresak eta startupak garatzea eta I+G+b zentroei babesa ematea hartzen ari gara ardatz, eta Hezkuntza Sailaren zeregina funtsezkoa izaten ari da ezagutza sortzen, prestakuntzan eta azpiegituretan”.

Olanok azpimarratu duenez, Gipuzkoa “erreferentea” da esparru horretan “gaitasunei eta indarguneei” dagokienez, “erakundeen arteko lankidetzaren, espezializazio adimendunaren eta epe luzeko ikuspegiaren” eredu horri esker. Lan horri esker, 20 urtean ospe handiko zentroak finkatu ahal izan dira, hala nola DIPC, MPC eta Nanogune, eta horietatik enpresa-proiektu arrakastatsuak sortzen ari dira. Etorkizuneko ekonomia eraikitzen jarraitzeko gaitasun horiei ahalik eta etekinik handiena ateratzea da orain erronka. Teknologia kuantikoek agertoki berri bat irekitzen dute, informazio kantitate handiak maneiatu eta prozesatzeko gaitasun handia dute-eta. Gainera, aplikazio ugari dituzte mugikortasunean, energian, zibersegurtasunean edo osasunean. Jarduera ekonomiko berria eta kalitatezko enplegua sortzea ahalbidetuko dute, eta eskaintzen dizkiguten aukera guztiak aprobetxatu nahi ditugu indartzen jarraitzeko.

Topaketa horretan, Eusko Jaurlaritzak IKUR 2030 estrategia azaldu du bikaintasuneko ikerketaren esparruan. Estrategia horren helburua da Euskadiko ehun zientifikoa indartzea eta nazioartean lau nitxo zehatzetan posizionatzea. 100 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du 2021-2030 aldirako. Nitxo edo esparru horietako bat, hain zuzen ere, teknologia kuantikoena da.

Jardunaldiak maila oso altuko hitzaldi bat izan du ‘IBM Research’-eko  presidenteorde senior eta zuzendari Dario Gilen eskutik, zeinak IBMk konputazio kuantikoan egiten duen lanaren berri eman baituen. Ingeniaria eta doktore nanoegituretan MITen, Gil munduko korporazio ikerketa erakunde handienaren buru da. IBM Research-ek 3.000 zientzialari baino gehiago ditu, sei kontinentetako 12 laborategitan lan egiten dutenak. National Science Board (NSB) erakundeko 25 kideetako bat da. National Science Foundation (NSF) erakundearen gobernu-organoa da, eta Kongresuari eta AEBko presidenteari aholkuak ematen dizkie zientziari eta ingeniaritzari lotutako hezkuntzaren eta ikerketaren arloan.

Ikur 2030 estrategia: lau esparru estrategiko

Teknologia kuantikoen esparruaz gain, Hezkuntza Sailaren Ikur 2030 estrategiak apustu irmoa egiten du, datozen urteetarako, beste hiru ikerketa-esparruren alde: Neurozientziak; Neutrionika; eta, Superkonputazioa eta Adimen Artifiziala.

Jardunaldian, bikaintasuneko ikerketaren esparruan abian jarri den estrategia hori aurkeztu du Hezkuntza Sailak —Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moraisen eskutik—. Ikur 2030 estrategiaren helburua da Euskadiko ehun zientifikoa indartzea eta aipatutako nitxo edo esparru estrategikoetan nazioarteko posizionamendua lortzea. Esparru horiek ez dira nolanahi hautatu. Nazioarteko zientzia-ekimen eta ikerketa-ildo nagusiekin bat datorren erabakia da. Mundu mailako apustu bati erantzuten diote, erronka globalei erantzuteko ahalmenean oinarrituta. Euskadik gaitasun bereziak eta posizionamendu ona ditu arlo hauetan.

Apustuak inbertsio garrantzitsuak eskatzen ditu, bai azpiegituretan, bai ikertzaileak erakartzeko edo nazioarteko proiektuetan parte hartzeko. Horregatik, Hezkuntza Sailak beste 100 milioi euro bideratuko ditu Sailaren aurrekontuetara 2021-2030 aldian. Baina aldi horretan mobilizatuko den guztizko inbertsioa 280 milioi eurora irits daiteke, beste proiektu batzuekiko konexioaren eta beste eragile batzuen atxikimenduaren bitartez —hala nola enpresa pribatuak, beste administrazio batzuk edo nazioarteko eragileak—.

Hezkuntza Sailaren mendeko 9 BERC zentroek (Basque Excellence Research Centre) trakzio-zeregin erabakigarria betetzen dute Ikur estrategian. Ikur estrategiak bertan identifikatutako lau esparruetakoren batekin lotzen du BERC bakoitza —ikerlana zientziaren zer esparrutan gauzatzen duen kontuan hartuta—.