Eusko Jaurlaritzak kontingentzia-planaren 1. egoerari eusten dio; estatuko harrera-sistemako baliabideetan Ukrainako 340 pertsona inguru ditu

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Ukrainako inbasioaren ondorioz EAEra iritsi diren lekualdatuen egoeraren segimendu-batzordeak kontingentzia-planaren 1. egoerari eutsi dio; izan ere, Estatuko sistemaren baliabideetan 340 pertsona inguruk jaso dute arreta. Kontingentzia-planak jasotzen duenez, une honetan asilo- eta migrazio-arloan dauden harrera-baliabideetan 700 pertsona baino gehiago daudenean aldatuko litzateke egoera.

Nazioarteko babesa bilatzen ari diren pertsonen harrera Espainiako Gobernuaren eskumen bakarra eta esklusiboa da; Espainiako Gobernuak harrera hori CEARen bidez kudeatzen du, lehen fasean. Eusko Jaurlaritza, berriz, baliabide ofizialek beharrezkoa den zerbitzua eman ezin dutenean arreta humanitariorako behar den azpiegitura eta laguntza guztia emateko arduraduna da.

Zentzu horretan, Ukrainan Errusiaren inbasioa gertatu zenetik, CEARrek 416 ukrainarri eman die arreta, eta, haietatik, 319 EAEk 1. fasean dituen baliabideetan daude; alegia, begira daude egoitza egonkorra noiz esleitu. Kopuru horrez gainera, beste hogei bat pertsona daude Eusko Jaurlaritzaren mendeko sareko Berriz eta Oñatiko baliabideetan; haiek Suspergintzak eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteak kudeatzen dituzte.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak dituen datuen arabera, 300 pertsona dagoeneko EAEko familiekin bizi dira, eta kalkulatzen da beste 600 gehiago egon litezkeela, erregistratu gabe.

Gaur egun ez da ezagutzen heldueren fluxu handirik, Eusko Jaurlaritzarekin eta kolektibo horri arreta ematen espezializatuta dauden gizarte-erakundeekin koordinatzen ari diren ekimen solidario pribatuez gainera.

Nabarmentzekoa da mugikortasun handia erregistratzen ari dela EAEko baliabideetara iristen diren pertsonen artean; nagusiki, Kataluniara eta Mediterraneoko kostaldera mugitzen ari dira, haietan senitartekoak eta lagunak baitituzte.

Eusko Jaurlaritzak jarraitzen du azpimarratzen elkartasuna antolatu egin behar dela, Ukrainako mugatik lekualdatzen ari diren pertsonen harrera-aurreikuspen bat egon ahal izateko.

Horretarako, Gurutze Gorriak telefono-zenbaki bat du edozein elkartasun-keinu erregistratzeko, eta dagoeneko EAEko lurretan dauden ukrainarren premiei erantzuteko. 945 222 222 zenbakia 08:00etatik 22:00etara dago aktibo, eta 15 operadore ditu. Kolektibo horren azken balantzeak erakusten du 1.542 dei jaso direla: 814, laguntza eskaintzeko, eta 752, laguntza eskatzeko.

Lurraldeen arabera, Bizkaiak 593 dei erregistratu ditu, eta 135 pertsonari eman die arreta (302 eskaintza eta 299 eskari); Gipuzkoan, 365 dei jaso dira eta 149 arreta presentzial egin dira (149 eskaintza eta 223 eskari), eta, Araban, 485 dei jaso dira eta 53 arreta presentzial egin dira (296 eskaintza eta 198 eskari).

Azkenik, laguntzak bideratzeko beste bide bat errefuxituak@euskadi.eus postontzia izan da; 4.000 mezu inguru jaso ditu, eta, haietatik, ia 3.000 harrera-eskaintzak izan dira, 289 ostatuaren lagapenak izan dira, bai eta dohaintzak eta mugara bidaiatzeko eskaintzak ere. Nabarmentzekoak dira, halaber, Ukrainatik lekualdatutakoen premiei erantzuteko boluntario gisa beren burua eskaini duten 371 pertsonak.

Segimendu-batzordea Eusko Jaurlaritzak eratzen du, Lehendakaritzaren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikoetako Sailaren, Segurtasunaren eta Etxebizitzaren ordezkaritzarekin. Era berean, honako hauek ere badaude: Gurutze Gorria, CEAR, Zehar Errefuxiatuaekin, Cáritas eta Ellacuría fundazioa, bai eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritza ere, hura baita Atzerritartasunaren, Asiloaren eta Migrazioaren arloan titulartasuna duena.