Javier Hurtado sailburua Alberto Garzón ministroarekin bildu da, kontsumoaren arloko gai komunak aztertzeko

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren ohiko lankidetza-harremanen barruan, Alberto Garzón Kontsumoko ministroarekin elkartu da.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Alberto Garzón Kontsumoko ministroarekin bildu da gaur Madrilen, kontsumitzaileen defentsarekin lotutako gaiak aztertzeko. Gai horien artean, sailburuak hitz egin du Gobernu Kontseiluak duela gutxi onartu duen eta Legebiltzarrean tramitatzen hasiko den Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko Legearen aurreproiektuari buruz.

Bileran, Espainiako Gobernuaren otsailaren 25eko 4/2022 Legearen (kontsumitzaileak eta erabiltzaileak gizarte- eta ekonomia-urrakortasuneko egoeren aurrean babesteari buruzkoa) inplikazioak aztertu dituzte, Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuak bere artikuluetan jaso behar baititu, Europako beste araudi eta jarraibide batzuk bezalaxe.

Sailburuak ministroari azaldu dionez, Estatutuak erdigunean jartzen ditu gutxiagotasun, mendekotasun, defentsa-gabezia edo diskriminazioko egoeran dauden edo zaurgarritasunegoeran dauden kolektiboak. Testuan jasotzen den pertsona zaurgarriaren definizioarekin berarekin egiten du, baita kolektibo horri, batik bat, eragiten dioten arau-hausteetarako zigorrak gogortzearekin eta larriagotzearekin ere. Adibidez, etxez etxeko salmenta debekatzen du, aldez aurreko hitzorduarekin ez bada.

 

Era berean, sailburuak Estatutuaren punturik berrienetako batzuk jakinarazi dizkio ministroari, hala nola Kontsumobidek bere zehapenen barruan aintzat hartu ahal izatea kontsumitzaileei bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzen dizkieten enpresak, eta, halaber, arau-hausteak eragindako kalte-galeren ondoriozko kalte-ordainak berak ordaindu ahal izatea. Administrazio-zehapenaz gain, itzulketaren edo kalte-ordainaren zenbatekoa ere zehaztuko da, eta ordainketa administrazioak berak egin ahal izango du, kontsumitzailearen babesa indartze aldera.

Era berean, Garzón ministroak eta Hurtado sailburuak Ukrainaren inbasioak eragindako krisiaren egungo egoera aztertu dute, bi administrazioen arteko etengabeko lankidetza eta koordinazioaren esparruan.