Beatriz Artolazabal sailburuak Justizia Administrazioren Biltzar Sektorialera eraman ditu Berdintasunerako Legea eta Justizia Digitaleko Plana

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Justizia Administrazioaren Biltzar Sektorialean parte hartu du gaur. Biltzarra Avilésen egin da eta Pilar Llop Justiziako ministroa izan da buruan.

Artolazabalekin batera izan dira Asturiasen Javier Landeta (Justizia Digitala eta Azpiegiturak) eta Jon Uriarte (Justizia Administrazioa), eta atzo hainbat bilera sektorialetan parte hartu zuten.

Gaurko Biltzar Sektorialean kudeaketa digitalaren arloko hainbat alderdi aztertu dituzte. Sailburuak berdintasunaren arloan esparru bateratu bat ezartzearen alde bozkatu du. Babesa justifikatzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen, Eusko Legebiltzarrak aldaketak onartu berri dizkion legearen, onurak azaldu ditu. Horrekin, amaieran, proposatutako testuaren “aldeko jarrera” erakutsi du sailburuak.

“Garrantzizkoa iruditzen zaigu esparru bateratuaren planteamendua; izan ere, konpromisoa hartuta duten administrazioen elkarlana eta koordinazioa egituratzeko aukera ematen du sexuagatik ez diskriminatzeko eskubidea bermatuko duten neurriak hartzeko, kontuan hartuta aginte publikoek garatzen eta sustatzen duten emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeak herritarren agindu bati erantzuten diola”, adierazi du.

Gai-zerrendako beste puntu batean Justizia 2030 planerako izendatutako finantzazioa izan da aztergai. Alde horretatik, Justiziako sailburuak bere babesa adierazi dio proposamenari, eta balioetsi egin du “2021-2026ko Justizia Digitaleko Plana, Euskal Autonomia Erkidegoan Justiziaren digitalizazioa sustatzeko eta zerbitzu publikoa hobetzeko datozen urteotan jarraituko den estrategia zehazten duena”. Gainera, adierazi du, plana “XII. Legealdiko Gobernu Programa betetzeko” egin dela, eta “erabat lerrokaturik” dagoela gainerako estrategiekin, Justizia 2030 eta Europako funtsak bideratzeko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana barne direla.

Artolazabalek gai-zerrendako beste puntu batzuen alde ere bozkatu du, esate baterako, laneko segurtasunaren arloko eskema bateratu bat onartzearen alde edo Justizia datuetan ataria irekitzearen alde. Aitzitik, abstenitu egin da birgaitze jasangarriaren estandar-proposamenean, atal horretarako jada baduelako programatuta eta aurreratuta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak sustatutako “bide-orri” bat.