Jaurlaritzak onartu du Euskal Etxeentzako laguntza-deialdia 2022an, 902.305 euro emango dituena

0

Eusko Jaurlaritzak bide eman dio Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko Euskal Etxeentzako eta euskal etxeen federazioentzako eta konfederazioentzako diru-laguntzen 2022ko deialdiari. Diru-laguntza horiek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez banatzen ditu. Orotara, 947.420 euro bideratuko ditu laguntza horietara.

Laguntzaren zatirik handiena –767.420 euro– IV. Kapitulura (ohiko gastuak eta jarduerak antolatzekoak) joango da, Euskal Etxeen urteko programak edo jarduera zehatzak laguntzera bideratzeko; nagusiki, gazteria, emakume, kanpo-irudi eta komunikazio, memoria historiko, gastu arrunt eta funtzionamenduaren arloko jardueretara.

Gainerakoa –180.000 euro, VII. Kapituluan; hau da, pandemia dela eta, aurreko urtean baino 60.000 euro gehiago, azpiegitura eta ekipamendu gastuetako kapituluan–, zentroen beraien egoera hobetzera bideratutako jardueren gastuak osorik edo zati batean finantzatzera bideratuko da; esaterako, ezbeharrek eragindako kalteak konpontzeko, hesi arkitektonikoak kentzeko, euskal etxe berriak eraikitzeko, gazteentzako lekuak egokitzeko eta gazteen zein emakumeen jardueretan teknologia erabiltzeko.

Gaur onartu den deialdian parte hartu dezakete mundu osoko 25 herrialdetan dauden 196 euskal etxeek. Deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik hasita, hilabete bateko epea egongo da eskaera egiteko.

Eusko Jaurlaritzak, halaber, ahalegin handiagoa egin du Han Hemen – Baque Global Network sarea garatzeko. Sare horren helburua kanpoan den Euskal Komunitate osoa eratzea da.