Sarriegiren Monumentua plazaren erdira ekarriko da

0

Donostiako Gobernuak bihar onetsiko du hiriko Parte Zaharreko Sarriegi plaza zolatzeko proiektua.

Hiri Proiektuetako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak adierazi duenez, “plazan buru diren elementuak, danbor-jotzailearen monumentua eta Sarriegiren bustoarena, tokiz aldatzea izango da jarduketa nagusietako bat. Monumentu hori metro batzuk atzerago ekarriko da, erdialderantz, plazaren eta San Juan kalearen eta Bretxako inguruaren arteko lotura libre uzteko.”

Plazaren egungo konfigurazioa, zehazki monumentu multzoa, ia 30 metro luze da, 13 metro zabal, eta banku bat eta landareak ere baditu. Hori oztopo bisual bat da, eta eragotzi egiten du bai San Juan kalearekin eta bai Bretxako eremuarekin lotura zabalagoa izatea. Proiektuaren bidez, plazan “sartuko» da danbor-jotzailearen monumentua, eta, hala, libreago geratuko da Sarriegi plazaren eta San Juan kalearen arteko lotura.

Jarduketa horren aurrekontua 339.241 euro da, eta plazako azpiegiturak berritzea eta zoladura berria jartzea ekarriko du.

2022/04/25-an argitaratua