ItsaSOS kanpainaren helburua itsasoan amaitzen diren hondakinei buruz kontzientziatzea da

0

Donostiako Udaleko Ekologiako zinegotzitzak herritarrak kontzientziatzeko kanpaina bat hasi du, hiri-hondakinak sortzea prebenitzeari eta behar den tokian uzteari buruz informatzeko eta ohartarazteko, askotan itsasoan amaitzen dira-eta.

Hautatutako logoa, ITSASOS, kanpainak zabaldu nahi duen mezuaren sinbolo bete-betekoa da, larrialdi-deia, itsasoan hondakinak eta mota guztietako flotatzaileak ugaritzen ari direlako, batez ere plastikoak, mundu osoan arazo bihurtu direnak. Kalkulatzen da urtero 8 milioi tona plastiko amaitzen direla itsasoetan, itsasoko zaborraren % 80 izateraino.

Ekologiako zinegotziak, Marisol Garmendia sozialistak, adierazi du “egiaztatuta dagoela nondik datorren itsasoan biltzen den zaborra. Plastikoaz gain, hondakin nagusietako bat zigarrokinak dira. Jakitun izan behar dugu, ez bakarrik erretzeak osasunari egiten dion kalteaz, hondartzetako harean lurperatzen ditugun zigarrokinek edo paseatzen ari garela lurrera botatzen ditugunek non bukatzen duten ere kontuan izan behar dugu. Izan ere, gehienetan itsasoratzen dira, estolderietan zehar.”

Ildo horretatik, Ekologiako zinegotzitzak, uda honetan, gomendatuko du hiriko hiru hondartzetan EZ erretzea, zigarrokinek hareatzetan eragiten duten inpaktua murriztu nahian. Gainera, eskatzen dutenei, hautsontzi-konoak emango zaizkie, zigarrokinak hondarrean lurperatu eta, gero, olatuek itsasora arrastaka eraman ez ditzaten. Hondartzetako megafonia-sistemaren bidez, ingurumenari buruzko mezuak emango dira aldian-aldian.

Munduko hiri askotan, bai eta euskal herri batzuetan ere, ohikoa den bezala, seinaleak jarriko dira estolderiako saretetan, ohartarazteko “itsasoa hemen hasten dela”, sare horietatik hondakinik ez botatzeko beharra nabarmenduz, ur gainean gelditu eta itsasoa kutsatzen amaitzen baitute.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/05/05-an argitaratua