Urola Ibaiaren garbiketak emandakoaren inguruko erakusketa eta hitzaldia izango dira datorren astean

0
Urola Ibaia garbitu dute martxoan. Garbiketaren ondorioak azaldu eta aurkeztuz ingurumenaren eta ibaiaren zaintzaren garrantziaz sentsibilizatu nahi dituzte herritarrak. Horretarako, erakusketa egingo dute maiatzaren 9tik 29ra Sanagustinen eta maiatzaren 11n hitzaldia ere eskainiko dute

Ibaiaren garbitasuna eta zaintza sustatuz Urola ibaia balioan jarri eta sentsibilizazioan eragiten dabil eragile ezberdinekin, azken urteotan, Azpeitiko Udala. Aurten, iaz bezala, Urola Bizirik taldeak eta beste hainbat herritarren eskariei erantzunez Urola Ibaia garbitu da. Egindako lanaren berri eman eta ingurumenaren eta, batez ere, ibaiaren zaintzaren garrantziaren inguruko sentsibilizazioa egingo da maiatzean zehar. Hala, maiatzaren 9tik 29ra 30 argazkiz osatutako erakusketa egongo da Sanagustin kulturgunean. Maiatzaren 11n, berriz, egindako lana aurkezteko hitzaldia izango da 19:00etan Sanagustinen bertan. Horretaz gain, ikastetxeei ere eskainiko zaie erakusketa bisitatu, egindako lanaren inguruko bideoa ikusi eta Urola Bizirik taldeko kideen azalpenak jasotzeko.

2020an, Ibai eder eta Errezil ibaiekin egin bezala, aurten Urola ibaiaren Azpeitiko zatia garbitu da, enpresa baten bidez. Martxoan zehar, 15 egunez 6 lagun aritu dira Azpeitiko zatiaren 9,8 kilometroak garbitzen. Han bildutako hondakinak Lapatxen bildu dituzte, ondoren bildutakoa aztertu eta gaikako sailkapena egiteko. Guztira, 5.780 kilogramo hondakin jaso dira.