Bilbon energia-efizientzia hobetzeko dirulaguntzak

0

Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Sailak, SURBISAren bidez, eraikin eta etxebizitzen energia-efizientzia hobetzeko dirulaguntzen lerro berriak eskatzeko epea zabaldu du. Estreinako aldiz, hiri osoko etxebizitzak hartuko ditu barruan SURBISAren ekimenak.

«Lerro Berdea. Etxebizitzen energia-birgaikuntzarako laguntzak» izenekoak 200.000 euroko aurrekontu-partida dauka, eta bere helburua da Bilboko bizitegi-erabilerako eraikinak eta etxebizitza pribatuak, energiaren erabileraren aldetik, apurka-apurka egokitzeko pizgarriak ematea. Zehazki, eraikinetan obra txikiak egitea, edo eraikinen energia-diagnostikoak egitea eta hobekuntza-neurriak proposatzea lagunduko da.

Iván Calderón Hiri Berroneratzearen zinegotziak azaldu duenez, «plan honek bi alde ditu: alde batetik, energia-auditoretza bat bultzatzea eta Eusko Jaurlaritzak urte amaierarako eskatuko duen ziurtagiria eskuratzea —ziurtagiri horrekin, bizitegi-eraikinetako jabeen erkidegoek higiezinaren energia-egoera jakin ahalko dute, eta kalifikazio energetikoa hobetzeko neurriak abiatu—; eta, beste alde batetik, proposatutako neurriak abian jartzeko pizgarriak emango dira; zehazki, laguntzak emango dira Bilboko eraikin eta etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzeko».

Izan ere, Euskadin, azaroan onartu zen Energia Jasangarritasunaren Dekretuaren arabera, titulartasun pribatuko bizitegi-eraikinek energia-efizientziako ziurtagiria eduki beharko dute 2022ko abenduaren 31 baino lehen, Energiaren eta Klimaren Plan Nazionala betetzeko. Plan horrek ezartzen du 2030erako, etxebizitzak energia-efizientziako baldintzetan birgaitu beharko direla.

«Lerro Berde berriko laguntzak aste honetatik aurrera eskatu ahalko dira. Horiei esker, erabiltzaileek energia eta dirua aurreztea lortzen dugu, bai eta berehalako konforta, eta ingurumen-hobekuntzak gauzatzen joatea ere», gehitu du Calderónek.

Laguntza horiekin finantzatzen diren obrak bateragarriak dira etxebizitzetan obra txikiak egiteko hirugarren Renove Planaren deialdi irekiarekin. Azken horrek 800.000 euro dauzka, eta energia-efizientzia hobetzeko jarduketetarako laguntzak ere aurreikusten ditu. Lerro Berdearen obretako baldintzak, aldiz, zorrotzagoak dira. Adibidez, leihoak aldatzeko jarduketa batek Renove Planaren laguntza jaso dezake; baina, Lerro Berdearena ere jaso ahal izateko, Eraikingintzaren Kode Teknikoak ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Gauza bera gertatzen da galdara-aldaketekin: lerro berriko laguntzak jaso ahal izateko, galdara berriek, efizienteagoak izateaz gain, hornikuntza-iturria hobetu behar dute (gasolioa, elektrikoa gasarekin, edo beste energia ez-fosil bat).

LAGUNTZA MOTAK, EPEAK ETA ZENBATEKOAK

Lerro Berde berriak pizgarri ekonomiko eta teknikoak emango dizkie eraikinetako jabeen erkidegoei eta etxebizitzen jabeei, energia-hobekuntzako obra txikiak egiteko edo beren eraikinetarako dokumentu teknikoak kontratatzeko (ziurtagiri nahiz auditoretza energetikoa). Horrela, eraikinaren energia-ezaugarri eta -defizitei buruzko diagnostikoa edukiko dute eta energia-efizientzia hobetzeko eta energia aurrezteko aukerak ezagutuko dituzte, aurrera eraman nahi dituzten birgaikuntza-obrei begira. Hori guztia, energia-birgaikuntzako obrak egitea sustatzeko, NEXT GENERATION Europako funtsen babesean.

Laguntza motak lau bloketan banatzen dira:

    1. Energia-efizientziako ziurtagiria idaztea, jabetza pribatuko bizitegi-eraikinetan.

 

    1. Energia-auditoretzako ziurtagiria idaztea, jabetza pribatuko bizitegi-eraikinetan.

 

    1. Jabetza pribatuko etxebizitzetan energia aurrezten zuzenean eragiten duten esku-hartze txikiak egitea. Esate baterako: kanpoko zurajea ordeztea, CTE-HE 1 betez.

 

    1. Energia aurrezten zuzenean eragiten duten esku-hartze txikiak egitea eraikinetan. Esaterako: eraikinean isolamendu termiko partzialeko obrak egitea, edo eraginkorrak ez diren instalazio termikoak ordeztea.

 

Eta hauek dira laguntzen zenbatekoak:

    1. Eraikinen energia-efizientziako ziurtagiriak idazteko: 400 €, gehi 20 €/etxebizitza. Gehienez, 2.000 €/jarduketa.

 

    1. Energia-efizientziako auditoretzak idazteko: 400 €, gehi 40 €/etxebizitza. Gehienez, 3.000 €/jarduketa.

 

    1. Energia-hobekuntzako obra txikiak egiteko: % 50eko dirulaguntza. Gehienez, 10.000 €/eraikina eta 1.500 €/etxebizitza.

 

Babesten diren jarduketak 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era egin beharko dira (hau da, eskaerak egiteko epea amaitzen den arte). Halere, eraikinetan obra txikiak eginez gero, obrak amaitzeko epea 2023ko urtarrilaren 31ra arte luzatuko da. Laguntzak eskatu ahalko dira aurrekontu-kontsignazioa amaitu arte edo 2022ko azaroaren 30era arte.

Energia-efizientzia hobetzeko eta aurrezteko plan hau Bilboren Agiriaren balioetan txertatzen da; zehazki, ingurumen-jasangarritasunari, konpromisoari eta erantzunkidetasunari, eta osasunari dagokienez. Modu berean, bat dator garapen jasangarrirako helburuekin; honako hauekin, hain zuzen ere: energia-pobreziarekin amaitzea, osasuna eta ongizatea, energia ez-garestia eta kutsadurarik eza, hiri eta komunitate jasangarriak, klimaren aldeko ekintza.

SURBISARI BURUZ

SURBISA udal sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal sozietateak esku hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga eta Zazpilanda.

SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta urira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.

SARE SOZIALAK: