Lehendakariak aitortu du boluntarioen konpromisoa, «zailtasunak zailtasun»

0

Lehendakariak Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala osatzen duten erakundeen lana eskertu du, eta boluntarioen entrega eta profesionaltasuna aitortu ditu, bizitzen ari garena bezain une delikatuetan. Beatriz Artolazabal sailburuak lagunduta, Iñigo Urkulluk parte hartu du Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatzeko Gasteizen gaur goizean egin den ekitaldian, sektoreko sareak eta erakundeak biltzen dituen Sareen Sareak antolatuta.

Lehendakariak, bere hitzaldian, Sareen Sarearen etengabeko hobekuntzarako bokazioari balioa eman nahi izan dio. Sare hori, hain zuzen ere, arreta pertsonaleko, hurbileko eta jarraituko saretzat jo du. Ildo horretatik, honako hauek nabarmendu ditu: hartzaileen premietara egokitzeko gaitasuna; familiaren eta sare naturalen funtsezko zeregina; eta gizarte-erakundeek testuingurura egokitzeko eta berrasmatzeko frogatu duten gaitasun handia.

“Giza Garapen Jasangarriaren ereduarekin eta 2030 Agendarekin lankidetzan eta lanean jarraituko dugu, eta, horretarako, «Auzolana» filosofia aplikatuko dugu, partekatzen dugun ongizatearen alde: kohesioa eta justizia soziala bermatzea, gure bizikidetzaren oinarri gisa”-esan du.

Sareen Saria saria

Ekitaldian Sareen Saria eman zaio Juan Cid Pardori, duela 30 urtetik hona autismoaren esparruko elkarte-mugimenduari lotua. Euskadin Gautenari eta FEVAS plena Inclusión Euskadiri lotuta egon da, eta gertuan Fundazioko lehendakaria eta patronatuko kidea izan da.

Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala

Hirugarren Sektore Soziala irabazi-asmorik gabeko herritarren ekimeneko erakundeek osatzen dute, eta haien helburua da gizarteratzea eta kalteberatasun- edo bazterketa-egoerei, babesgabetasun-egoerei, desgaitasun-egoerei eta/edo mendetasun-egoerei aurre egiten dieten pertsonen, familien, kolektiboen eta komunitateen eskubideen erabilera eraginkorra sustatzea.

Gaur egun ia 4.000 erakundek osatzen dute, 38.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana, 138.000 boluntariok parte hartzen dute, eta EAEko BPGaren % 2,3ren baliokidea den bolumen ekonomikoa kudeatzen du.