Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuek adingabe bat erreskatatu dute Urkiolamendin

0

Gaur eguerdian Ertzaintzaren helikoptero bat eta Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteak mobilizatu dituzte Abadiñoko udal-barrutira, Urkiolamendira, zorabiatuta zegoen 16 urteko neska bat erreskatatzeko.

Gaur eguerdiko ordu bata hamar gutxiak aldera, Sos Deiak 112 Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari jakitera eman diote neska bat ondoezik sentitu dela Abadiñoko udal-barrutian, Urkiolamendin, eskolako txango batean parte hartzen ari zenean.

Berehala mobilizatu dituzte suhiltzaileak, Ertzaintza eta Osakidetza, baina lekura iristeko zailtasunak ikusita, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitatearen helikopteroak hartu du biktima eta Gasteizko Txagorritxu Ospitalera eraman du.