EAEko gazteriaren erdiak baino gehiagok interesa erakutsi du Europar Batasunarekin zerikusia duten kontuekin

0

EAEko gazteriaren erdiak baino gehiagok badaki EB 27 estatuk eratzen dutela (% 64,9), eta interesa erakutsi du Europar Batasunarekin zerikusia duten kontuen inguruan (% 59); heren batek baino ez ditu ulertzen haren egitura eta funtzionamendua (% 33,8). Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteen Euskal Behatokiak eginiko iritzi-azterlan batek dakarrenaren arabera, gazteen erdiak baino gutxiagok sentitzen du EBrekiko atxikimendua (% 42,9), eta % 3,3 baino ez litzateke poztuko desagertuko balitz.

Iritzi-azterlanak dakar EAEko gazteria EBko gazteriaren batez bestekoaren azpitik dagoela, bai EBrekiko atxikimenduari dagokionez, bai haren funtzionamendua ulertzeari dagokionez.

EAEko gazte gehienek EBko edozein estatu kidetara bidaiatzeko, ikasteko eta lan egiteko askatasunarekin lotzen dute (% 73,7), eta, beharbada, horregatik gazteei zuzentzen zaizkien programetatik ezagunena Erasmus+ da (% 92,7), baina gutxiengoak hartu du hartan parte (% 16,0).

EBren kudeaketarekin kritikoa

Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak honako hau esan du: “gazteak pixka bat kritiko ageri dira EBrekin; izan ere, % 26,9 baino ez daude haren egungo funtzionamenduaren alde, eta, haren kudeaketa neurtzeko orduan, Covid-19ak eragindako pandemiaren aurkako jarduketak eta gazteen arloko lanak baino ez dute gainditu (5,3 eta 5,2 puntu, 10etik, hurrenez hurren).

Era berean, gehiengoek uste dute EBn hartutako erabakiek eragina dutela berengan (% 74,1); hala ere, gazteen % 18,5ek baino ez du uste eragina izan dezaketela Europako erabaki eta politiketan. Hamar gaztetik seik (% 59,8) diote bozkatuko dutela Europako Parlamenturako hurrengo hauteskundeetan, 2024an.

EAEko gazteek uste dute EBk pobreziaren eta gizarte-desberdinkeriaren aurkako borroka lehenetsi beharko luketela (% 54,9), bai eta klima-aldaketaren aurkakoa ere eta, hala, ingurumena babestu (% 51,8)

Europaren alde

Eztabaida-taldeetan parte hartu dutenek Europarekiko ikuspegi positiboa erakutsi dute, oro har, eta erakundeenganako zenbait kritika ere adierazi dituzte. Pertsona horiek guztiak bat datoz honetan: Europar Batasuna beharrezkoa da Europan ordena eta bakea babesteko, eta askok esan dute lasai daudela haren parte direlako; izan ere, abantaila asko dakartza eta babesa dakarkie herritarrei.

Alderdi positiboen artean honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: mugarik ez egotea, mugitzeko askatasuna eta erraztasuna, osasunerako sarbidea eta zenbait programa, hala nola Erasmus+, esperientzia paregabea ematen baitu.

Azterlanerako kontsultatutako gazteen iritziz, “Europar Batasunak segurtasuna eta eskubideak ematen dizkie herritarrei, baina zenbait betebehar ere exijitzen ditu, eta estatu kideek erabakitzeko eta maniobrak egiteko ahala mugatzen du. Europako Parlamentuan herritarrengan eragina duten erabaki oso garrantzitsuak hartzen dira, eta hura eratzen duten herrialde guztiek bete behar dituzte”.

Agurtzane Llanoren iritziz, “Europan maila guztietan duen eragin handia kontrastean dago Europar Batasunaren eta haren lanaren inguruko ezjakintasun handiarekin. Eztabaida-taldeetan parte hartu duten gehienak bat datoz honetan: ikusgarritasun eta gardentasun handiagoa izan beharko lukete. Horren adibide argi bat da Gazteen Europako Urtearen berri ez dutela; izan ere, gazteak eurak ere ez dira Europar Batasunak haien alde abian jarri duen ekimenaren kontziente”.

Informazio gehiago