Denboraldi berria Bilbao Kirolak-en kiroldegietan

0

Datorren zapatuan, ekainak 11, hasiko da udako denboraldi berria Bilbao Kirolak-en kiroldegietan, Artxandako, Txurdinagako eta Errekaldeko kanpoaldeko igerilekuak irekiko direlarik. Irailaren 11ra arte, kanpoaldeko instalazioak egunero irekiko dira, baita asteburu eta jaiegunetan ere, 10:00etatik 21:00etara, ekainean, uztailean eta abuztuan, eta 20:00etara arte irailean.

Gainera, udan, San Ignazioko eta Zorrotzeko igerileku estaliak ere irekiko dira, uretako aisialdirako gune moduan.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak, Marcos Muro Bilbao Kirola-en zuzendariarekin batera, gaur goizean aurkeztu dute udako kanpaina berria Txurdinagako kiroldegian. Ekitaldi honetan, Kirikiño ikastolako ikasleak ere izan dira, eta aukera izan dute denboraldiko lehen bainua gozatzeko.

Aurten, kanpaina herritar guztientzako da, abonatuentzako nahiz abonatu gabeentzako. Hala, Errotetak hau nabarmendu du: «ohiko funtzionamendura itzuliko gara, bi kanpaina COVID-19arengatik ezarritako nahitaezko murriztapenen pean igaro ostean. Uste osoa dugu kanpaina bikaina izango dela aurtengoa, eta denok edukiko dugula aukera kanpoko udal igerilekuak gozatzeko, aisialdi osasungarrirako aukera bikaina baitira, Bilbotik irten barik dibertitzeko.»

Hala, bada, aurreko bi denboraldietan ez bezala:

    • Abonatuak ez ezik, abonatu gabeak ere sartu ahal izango dira, sarrera edo bonua erosita.

 

    • Ez da beharrezkoa izango hitzordua instalazioetan sartzeko,

 

    • Eguzkia hartzeko eremuak (solarium deritzenak) libre izango dira, eta ez dira partzelatuko.

 

    • Edukiera % 100ekoa izango da, eta, betiko moduan, edukiera osoa betetakoan kontrolatu eta mugatu egingo da , bai solarium inguruan, bai uraren eremuan.

 

    • Ordea, edukiera jagoteko ohiko eta beharrezko kontrolak ez dira kendu, gehienezko jende kopurua gainditu ez dadin, bai solarium eremuan, bai uraren eremuan. Edonola ere, sarrerak mugatu egingo dira, beharrezkoa izanez gero.

 

BERRITASUNA: SARRERAK ONLINE ETA ALDEZ AURRETIK EROSTEKO AUKERA

Berritasun moduan, aurten abonatu gabeek aldez aurretik eta errazki erosi ahal izango dituzte sarrerak eta bonuak, www.bilbaokirolak.eus web-orrian.

Hala egin nahi dutenek, hala, berek emandako posta elektronikoan jasoko dute sarrera, eta instalazioetara sartzeko, nahikoa izango dute sarreraren QR kodea igarotzea irakurgailuen gainetik, sarrerak inprimatu beharrik gabe. Erosketa ordaintzeko, banku-txartela edo Bizum ordainketa baliatu ahal izango dira. Sarrera erosita duenak, edukiera bete dela-eta ezin badu instalazioetara sartu, urtean zehar beste edozein unetan erabili ahal izango du.

Hori dela eta, Erroteta zinegotziak adierazi du: «Bilbao Kirolak-en hasitako hobekuntza, modernizazio eta digitalizazio prozesuari esker sartutako hobekuntza bat da, gure Plan Estrategikoko Berritu ardatza garatuz. Egokitu egin nahi gatzaizkie beharrizan berriei eta herritarrekin hartu-emana izateko formula berriei, Bilbao Kirolaken erabiltzaileek aukera izan dezaten gure zerbitzuetara modu arin, erraz, eroso eta seguruan sartzeko».

Errotetak gogorarazi du ezen sarrerak telematikoki eskuratu ezin dituzten pertsonek instalazioetan bertan eskuratu ahal izango dituztela, eta, beharrezkoa bada, Bilbao Kirolak-eko langileek lagunduko dietela; gainera, kasu horietan eskudiruz ere ordaindu ahal izango da; «gure nahia da aurrera egitea eta hobetzea, baina inor atzean utzi gabe. Nahi duten guztiek izango dute aukera gure instalazioak gozatzeko, eta sarrerak erostea ez da eragozpena izango.»

INSTALAZIOETARA SARTZEKO ESKUTURREKOAK

Bilbao Kirolak-en zerbitzuak modernizatzeko prozesuaren barruan datorren beste berrikuntza bat da herritarrei instalazioetara sartzeko eskuturrekoak eskaintzea. Gailu horrekin, armairuak ireki eta itxi ere egin ahal izango dira, eta eginkizun berriak ere erantsiko zaizkio.

Bilbao Kirolak-en xedea da erabiltzaile guztien erosotasuna hobetzea, uneoro eskuturrekoa jantzita eroan ahal izango baitute, are uretan ere, eta hala, eragotzi edo urritu egingo da haiek galtzeko aukera. Gainera, berritasun hau hobekuntza bat da, Bilbao Kirolak-ek herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak modernizatzeko prozesuaren barruan datorrena.

Eskuturrekoa eskuratu nahi duenak web orriaren bidez eska dezake (eta Bilbao Kirolak-en 11 kiroldegietako edozeinetan jaso, erosketa frogagiriarekin), eta baita kiroldegietan bertan ere. Bi neurritakoak daude aukeran, batzuk helduentzat, eta besteak, txikiagoak, adingabeentzat.

ITXIERA TEKNIKOAK

Bilbao Kirolak-ek udako sasoia baliatuko du ohiko itxialdi teknikoak egiteko, beharrezkoak baitira urteroko mantentze-lanak egiteko.

Ordutegiak eta instalazioak noiz irekitzen diren adierazten duen informazio koadroa, udako hilabeteetakoa, honekin batera.

SARE SOZIALAK:

#EmanKirolari #aktibazaitez