21,6 milioi baino gehiagoko laguntzak nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko

0

Eusko Jaurlaritzak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aginduaren bitartez, 2022. urterako LEHIATU BERRIA programan aurrez ikusten diren laguntzen deialdia onetsi du nekazaritzako produktuen, elikagaien eta arrantzatik eta akuikulturatik eratorritako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea finantzatzeko. Horretarako, 21,6 milioi eurotik gorako zuzkidura izango du.

LEHIATU BERRIA programak nekazaritza-, elikagai-, baso-, eta arrantza-industriarako laguntzak jasotzen ditu. Programa elikakatera bideratuta dago, eta sektore guztiak hartzen ditu. Helburua da nekazaritzako produktuak, elikagaiak, baso-produktuak eta arrantza nahiz akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsioetarako laguntzak ematea.

Programaren deialdiak 2015az gero egiten dira, eta azken lau ekitaldietan 55 milioi euro inguruko laguntzak eman zaizkie 629 eskatzaile onuradunei. Horiei esker, ia 275 milioi euro inbertitu dira.

Ekitaldi honetan, programak 21.638.939 euroko deialdia du; horietatik 15.000.000 zuzenean Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetatik datoz eta gainerakoa LGENFren, nekazaritzarako EURIren (LGENF funtsa indartzeko deialdi honetan gaitu den EBren Susperraldi Tresna) eta arrantzaren sektorerako FEMPren kargura izango da.

Laguntzen helburua da nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantza nahiz akuikulturatik eratorritakoak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak finantzatzea. Zehazki, honako hauetara bideratuko dira:

    • Nekazaritzako produktuak eraldatu, merkaturatu edo garatzeko inbertsioak eta baso-produktuak eraldatu eta merkaturatzera bideratutako inbertsioetarako laguntzak.

 

    • Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioak.

 

    • Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagai-industrietan inbertsioak, aurreko ataletan sartzen ez badira.

 

Modalitatearen arabera, onuradunak pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke: nekazariak edo nekazarien elkarteak, nekazaritzako kooperatibak edo nekazaritzako elikagaien industriak, mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak. Ezingo dira inola ere onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeak.

Laguntza elikagai ekologikoei

Deialdi honetan programak, berariazko laguntza-ildo berri baten bitartez, milioi bat euroko partida erabiliko du elikagai ekologikoen eraldaketan, garapenean eta merkaturatzean inbertsioak egiteko. Horrela, industriak bultzatuta, produktu ekologikoen ekoizpena eta eskaria bultzatu nahi dira, bai eta Euskadin elikagai jasangarriak, osasungarriagoak eta balio erantsi gehiago dutenak sortzeko gaitasuna izatea ere.

Eskaera egiteko epea 

Establezimendu eta jarduera bakoitzak eskaera bat egin ahal izango du. Eskaerak egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikora sartuko da. Eskaera, erantzukizunpeko adierazpena, justifikazioak eta gainerako dokumentazioa izapidetzeko zehaztapenak honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ -Lehiatu Berria programa 2022 (Erref.: 0034206).

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.