Eusko Jaurlaritzak, SPRIren bitartez, Vanguard Initiative Eskualdeen Sarea ordezkatu du Europako Batzordeko Foro Industrialaren osoko bilkuran

0

Oyonek adierazi du eskualde mailako garapen industrialeko politikek badutela potentziala Batzordeak proposatzen dituen neurriak bultzatzeko

Thierry Breton komisarioaren zuzendaritzapean, industria-politika gaietan Europako Batzordea aholkatzen duen foroak bere lehen bilera presentziala egin du Bruselan, Batzordeak Europako industriaren erresilientzia handitzeko proposaturiko neurriak berrikusteko. Bilera horretan, arreta berezia jarri zaie egungo egoera geopolitikoari eta egoera horrek balio-katean eragin dituen hausturei. SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendari Cristina Oyónek Europako eskualde sarearen ordezkari gisa hartu du parte  Batzordearen Foro Industrialean.

Foroko kideek aztergai izan dituzte Batzordeak proposatutako ekintzak lehengai kritikoen hornidura sendotzeko –DocsRoom-European Commission (europa.eu)–, REPowerEU plana –REPowerEU (europa.eu)– eta Europako industriak aurkitzen dituen oztopoak areago eskalatzeko plan horrek proposatzen duen sistema energetiko berrirako produktuen fabrikazioa.

Bileran Oyonek adierazi du eskualde mailako garapen industrialeko politikek badutela potentziala Batzordeak proposatzen dituen neurriak bultzatzeko, eta azpimarratu du enpresei zuzendutako Batzordearen hurbileko agenteak –hala nola Enterprise Europe Network sareko nodoak, Europako klusterrak eta Digital Innovation Hub-ak– maiz izaten direla eskualde mailako gobernuen ekimenak, gobernu horiek direlarik enpresengandik eta, batez ere, Europako fabrikazioan eragile nagusi diren ETEengandik hurbilen dauden administrazio publikoen solaskideak.

Bere aldetik, Breton komisarioak azpimarratu du denok egin behar dugula lan elkarrekin Europako Merkatu Bakarra lortzeko eta Europako balore demokratikoak mantentzeko.

Foro Industriala 55 adituk osatzen dute, denak ere EBko 27 estatu kideen, ekosistema industrial anitzen, mundu akademikoaren eta gizarte zibilaren ordezkariak. Enpresa elkarteek, agente teknologikoen eta Europako klusterren sareek, Europako sindikatuen elkarteak eta Vanguard Initiative eskualdeen sareak lankidetzan jardungo dute datozen 4 urteetan, konponbideak elkarlanean diseinatzeko berrikuntza-politiken testuinguru zabal batean, hots, muga sektorial tradizionaletatik harago.

Informazio gehiago