Euskal ordezkaritza bat Aveiroko Festival dos Canais jaialdian izango da asteburu honetan, bi aldeetako kaleko arte eszenikoetako agenteen arteko harremanak sendotzeko

0

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lankidetza bultzatu du Portugalgo Aveiroko Udalerriarekin, harremanak ezartzeko eta Euskadiko eta Portugalgo kaleko arte eszenikoen industriaren lana ezagutu ahal izateko. Aveirok Festival dos Canais jaialdia antolatzen du urtero, hiriko kanalak, espazio publikoa, ondarea eta arkitektura musika, dantza, antzerki, zirku garaikide eta arte bisualetarako agertoki paregabe bihurtzen dituen diziplina anitzeko ekitaldia. Edizio honetan, gainera, larunbatean eta igandean, Euskadiko konpainia, programatzaile eta banatzaileek eta  Aveiroko jaialdiko arduradunek eta Portugalgo eragileek lan topaketa bat izango dute, Portugalen kaleko arte eszenikoetarako merkatu gune profesional baten lehen urratsen testuinguruan.

Euskadiko ordezkaritza 50 bat lagunek osatzen dute, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira: programatutako 5 konpainia (Haatik, Zanguango, Deabru Beltzak, Markeliñe eta La Glo Zirko Dantza); 8 konpainia gonbidatu (Goitibera, Cía Eva Guerrero/Doos Colectivo, Dantzaz, Organik Dantza, Hortzmuga eta Zirkozaurre); 2 banatzaile gonbidatu (Aire Aire eta Solobe Art); Oreka TX musika taldea; eta 7 jaialdi eta kaleko programatzaile (Arrigorriagako Nazioarteko Clown jaialdia; Gasteizko Kaldearte; Bilboko Kalealdia; Lekeitioko Kaleka; Zarauzko; Bilboko Udala eta Sopelako Udala). Asteburu honetarako programatutako bost konpainiek 11 emanaldi izango dituzte guztira.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarentzat, horrelako topaketek aukera ematen dute sektorearekin lankidetza aktiboa sustatzeko, kulturak hurbiltzeko, ekimenen eta beraien lurraldeen nazioarteko proiekzioa eta ikusgarritasuna bermatzeko eta kaleko arte eszenikoak sustatzeko. Lankidetza horren partaide da Etxepare Institutua, euskal sortzaileak zabalduz. Era berean, Artekale Euskadiko kaleko arte eszenikoen elkartearen bitartekotza-lana ere izan da topaketa honetarako; izan ere, azken urteotan lan handia egin du sektorea ikusarazten eta horretarako aukera berriak bilatzen.

Asteburuan Aveiron egingo den topaketak bi lurraldeetako eragileek esperientziak trukatzeko, bi aldeetako profesionalak inplikatzeko estrategiak sortzeko, profesionalen arteko topaguneak sustatzeko, profesionalen artean ezagutza eta sorkuntza-prozesuak sortzeko eta euskal eta portugaldar eragileen arteko proiektuen garapen bateratua sustatzeko balioko du. Gainera, kaleko arte eszenikoetako profesionalen presentzia bultzatzeko ere balioko du, bai Portugaleko jaialdietan zein Euskadiko bestelako jaialdietan.