Kautenik enpresak kautxuzko piezak egiten ditu, Europako, Amerikako eta Txinako bere bezeroentzako

0

Kautenik autoen sektorerako kautxuzko piezak diseinatu, garatu eta fabrikatzen dituen enpresa da. Bere bezeroek motelgailuak, baleztak, txasisak, atetzarrak ixteko sistemak… egiten dituzte, besteak beste, eta pieza horiek antibibrazioko soluzioetarako erabiltzen dituzte. Gaur egun 50 profesional inguru ditu plantillan.

Kautenikek Berriatuan (Bizkaia) du egoitza nagusia, eta Europan (Frantzia, Alemania eta Polonia) hainbat ordezkaritza komertzial ditu. Izan ere, bere ekoizpenaren % 70 atzerrira esportatzen du. Europaz gain, Amerikan (Ipar Amerika, Brasil eta Argentina), Hegoafrikan edo Txinan ditu bezeroak. Aitor Alberdi Kauteniko zuzendariak azpimarratu duenez, “gure produktuen esportazioan haztea aurreikusten dugu, datozen hiru urteetan % 80-85eko kopurua lortzeko”. Bere bezero nabarmenenak Tier 1 fabrikatzaileak dira, hala nola Tenneco, Kayaba, Hitachi, Marelli, Maysan Mando, BWI, Olgun Celik edo HUF; edo Daimler bezalako OEM ibilgailuen fabrikatzaileak.

Gainera, Kautenikek garapen- eta ikerketa-talde indartsua du, eta simulazioak egin ditzake piezen propietate mekanikoak hainbat egoeretan iragartzeko eta analizatzeko. Era berean, kautxuzko konposatu desberdinak garatzeko gai da, eta, horrela, proiektu bakoitzera eta bezero bakoitzera egokitu daiteke, bere hornitzaile eta partner teknologiko nagusien lankidetza estuan. Bereziki nabarmentzen da Leartiker zentro teknologikoarekin jorratzen duten lana, polimeroen teknologian espezializatutako zentroa eta BRTA aliantzako kidea.

Era berean, enpresa bizkaitarrak gaur egun SPRIren bi programatan parte hartzen du: Industria Digitala eta Gauzatu Industria. Gainera, “Innobideak-Lehiabide, Nazioartekotzea, 4.0 Industria… bezalako programetan ere parte hartu dugu. Eta ziur gaude beste programa batzuetan parte hartzen jarraituko dugula, berrikuntzarako bokazioa eta beharra baitugu. Epe luzerako ikuspegia eta plan estrategikoa dugu, oinarri sendoekin eta kontrola mantenduz hazteko asmoa duena, betiere Euskadin lan eginez”, adierazi du Aitor Alberdik.

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.