Euskadik aurrera egiten jarraitzen du elikagaien xahuketaren kontrolean, Europan aitzindaria den azterlan bati esker

0

Elikagaien xahuketa mundu mailako arazo larrienetako bat da, batik bat gizarte aurreratuetan; baina, ondorio globalak ditu ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen eremuetan.

NBEk 12. Garapen Jangarrirako Helburuan (GJH), 2030. urterako xahuketa erdira murriztea jasotzen du, eta Europako Itun Berdeak bere egiten du erronka hori Baserritik Mahaira estrategiaren bidez. Euskadin jakin badakigu arazoa zein larria den, eta Basque Green Deal esparruaren baitan Estrategia bat abiarazi da Euskal elikakateko xahuketa murrizteko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasun Sailak, Elika Fundazioaren bitartez, Espainian eta Europan aitzindaria den azterlan bat egin du, Euskadiko nekazaritzako elikagaien sistema osoan elikagaien xahuketa neurtzeko. Horretarako, Europako Batzordeak maiatzaren 3ko 2019/1597 Eskuordetutako Erabakiaren bidez emandako jarraibideak aplikatu ditu, neurketa homogeneizatzeko. Orain aurkeztu den txostena beharrezkoa da Euskadin arazo horren benetako egoera ezagutzeko eta, hala, ekintza egokienak ezartzeko.

Ondorioak

Adituen diziplina anitzeko talde batek Europako Batzordeak ezartzen duen metodologia aplikatuta egindako azterlanaren ondorioen arabera, Euskadin nekazaritzako elikakate osoan zehar (lehen sektorea, eraldaketa, banaketa, HORECA eta etxeak) sortutako xahuketaren (jangarria eta ez-jangarria) kopurua 311.558 tonakoa da urteko. Hau da, batez beste 142 kilo pertsonako eta urteko. Esan behar da kopuru hori Europako batez bestekoa (aurreko azterlanen arabera, 173 kilo pertsonako eta urteko) baino zertxobait txikiagoa dela.

Kopuru horretatik, etxeetan guztizkoaren % 44,7 sortzen da eta jarraian banaketan (% 20) eta manufakturan (% 23).

Banaketan, HORECAn eta etxeetan xahututakoaren % 28 inguru JANGARRIA da, hau da, 40 kilo pertsonako eta urteko.

Ekoizpen- eta eraldaketa-faseetan kuantifikatutako “aprobetxagarriak izan daitezkeen materialei” dagokienez, urteko 4.332.945 tona dira. Horrek esan nahi du euskal nekazaritzako elikakatea hobetzeko aukera handia dagoela; horretarako, produktu horiek hobeto balioesteko formulak bilatu behar dira, eta, horrela, balio erantsia sortu kate horretako eragile guztientzat.

Kuantifikazio horri esker, gure erabilera-hierarkia murrizteko mekanismo nagusia den prebentzioa jorratu eta etengabeko elkarrizketa ezarriko dugu eragile guztien artean, hau da, arazoaren eta euskal elikadura-sistema osoaren lankidetza beharko duten etorkizuneko konponbideen erantzule diren eragile guztien artean.

Orain arte hartutako neurriak

Basque Green Deal-Euskadiko Itun Berdea ekimenaren testuinguruan, azterlan hori aurrerapauso bat da Eusko Jaurlaritzak 2018an abiarazi zuen Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Estrategian. Bertan dago Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataforma ere, zeinetan gaur egun elikakateko 100 eragile publikok eta pribatuk baino gehiagok hartzen duten parte, bai eta erakunde sozialek ere.

    1. eta 2020. urteen artean, HAZIk, AZTIk, IHOBEk, Euskadiko Elikaduraren Clusterrak eta Neikerrek osatutako eta Elikak koordinatutako lantalde batek metodologia bat diseinatu eta zehaztu zuen, EAEn xahuketaren sorreraren diagnostikoa egiteko eta xahuketaren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-eragina zehazteko, bai eta hura murrizteko aukerak zehazteko ere, Europak ezartzen dituen jarraibideekin bat.

 

Eusko Jaurlaritza herritarrak elikagaien kontsumo jasangarri eta arduratsuan norberak duen konpromisoaren garrantziaz kontzientziatzen saiatzen ari da. Horixe da, hain zuzen ere, elikagai-urruntzea murrizteko lehenengo urratsa; izan ere, kontzientzia soziala sortzen du eta hurbileko elikagaien kontsumoaren balioa azpimarratzeko aukera ematen digu. Horretarako, Elika Fundazioak interesdun guztien eskura jarri du www.zerodespilfarro.eus webgunea. Bertan, informazio eta tresna praktikoak eskaintzen dira eta publizitate kanpainen (adibidez, “Janaria ez da botatzen”) eta sare sozialetako kanpainen berri ematen da.

Horrez gain, protokoloak egin dira elikagaiak elikagaien segurtasuna babestuta dohaintzan ematen direla bermatzeko, eta sare solidarioak jarri dira martxan elikagaien soberakinei erantzuna emateko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, azterlan osoa eskura dezakezu honako helbide hauetan:

GAZ https://zerodespilfarro.elika.eus/es/analisis-desperdicio-alimentos-euskadi/

EUS https://zerodespilfarro.elika.eus/analisia-elikagaien-xahuketa-euskadin/