Gainbegirada nahi zenuke euskal musikari buruz? ‘The History of Basque Music’en bigarren edizioa plazaratu dute

0

The History of Basque Music liburuak gainbegirada kronologikoa ematen dio euskal musikari, XIX. mendera arteko bistadizo orokor bat. Tradizio klasikoko azken korronteak biltzen ditu eta azken joerak konposizioan, eta atalak eskaintzen dizkio emakumeari euskal musikan eta Euskal Herriko jazza eta herri-musikari ere. Josu Okiñena donostiar musikari, pianista eta ikertzailea editore, liburua ingelesezko lehena da euskal musikaren historiaz, eta Nevada-Renoko Unibertsitateko CBS Press-ek eta Musikenek —esan nahi baita Donostian egoitza duen Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak— argitaratu dute.

Liburuaren bigarren edizioaren aurkezpena joan den ostiralean egin zen Musikenen, bertan partaide zirela Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoa, eta Xabier Irujo Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko (CBS, Center for Basque Studies) zuzendaria.

Obrari buruzko azalpenean, CBS Pressek diasporako musikariek ere gogoan hartu direla eta euren lekua izan dutela liburuan agertzen du, izan ere «euskal musika, euskal kultura ezarri edo praktikatzen den tokian sortzen edo esperimentatzen den musika» dela dio, «batez ere egungo Euskal Herrian, baina baita bere mugetatik kanpo ere, euskaldunek diasporan sortutako musika barne».