#GipuzkoaKoloretan Argazki Lehiaketa abian da

0

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Argazki Lehiaketako seigarren edizioa martxan da; oraingo honetan ere, Gipuzkoako herritarrek osatuko dute erakundearen 2023ko egutegia. “Gipuzkoa koloretan” da aurtengo gaia eta argazkien bitartez Gipuzkoa kolore anitzeko lurraldea dela balioan jarri nahi dira. Lehiaketak Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntza du, eta 4.000 euro banatuko ditu saritan: lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da eta horretaz gain, 250 euroko 12 sari ere egongo dira, egutegiko hilabete bakoitzeko bana (pertsona berak ezingo du sari bat baino gehiago jaso).

Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkizaleei nahiz profesionalei irekita dago. Gipuzkoako koloreak gaitzat hartuta, pertsona bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahalko ditu gehienez ere, originalak eta lehenagotik argitaratu gabekoak. Foru Aldundia herritarrekin tresna eta komunikazio bide berriak finkatzeko egiten ari den apustuari jarraituz, sare sozialek garrantzi handia dute lehiaketa honetan. 

Horrela, lanak bidaltzeko modu bat Gipuzkoako Foru Aldundiaren Facebook-eko orrialdearen bidez izango da (https://www.facebook.com/Gipuzkoa/ ). Bertan, “Egutegia 2023” atalean igo beharko dira argazkiak, eskatzen diren datuak betetzeaz gain. Instagram eta Twitter ere erabili ahal izango dira lehiaketan parte hartzeko. Kasu hauetan, argazkiak #GipuzkoaKoloretan traolarekin publikatu beharko dira. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren web-ean ere izango da aukera argazkiak bidaltzeko (https://www.gipuzkoa.eus/eu/argazki-lehiaketa ).

Lanak aurkezteko epea irailaren 30ean itxiko da. Behin argazkiak bidalita, Foru Aldundiak datu hauek eskatuko dizkie parte hartzaileei argazkia aukeratua den kasuan: kalitate altuko irudia aukeratutako leloaren izenarekin eta datu pertsonalak (izen-abizenak, NAN, helbide osoa, telefonoa eta helbide elektronikoa). Argazkiak TIFF edo JPEG formatuan aurkeztuko dira, horizontalean, alde txikienak gutxienez 3.000 pixel dituelarik, eta zuri-beltzean nahiz koloretan aurkezteko aukera egongo da. Aurkeztutako argazkiak ezin dira, lehenagotik, aldizkarietan, egunkarietan edota bestelako edozein publizitate-kanpainatan argitaratuta egon. Bestalde, ezingo dira aurkeztu aurretik argazkilaritza sariren bat jaso duen argazkirik, eta ez dira onartuko egilearen sinadura edota logotiporik daramaten argazkirik. Halaber, edizio digitala onartzen da, baina aurten manipulazioa eta hartutako irudiaren gaineko elementuak gehitu edota ezabatzea ez da onartuko.