Eusko Jaurlaritzak sari bat emango dio Zinemaldian Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) balioak hobekien islatzen dituen filmari

0

Donostiako Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak adostu dute Zinemaldia eta GJHekiko euskal konpromisoaren irudia elkarren eskutik joatea. Horrela, Euskadi Basque Country 2030 Agenda Donostiako Zinemaldiaren hurrengo edizioaren babesleetako bat izango da. Akordio honek komunikazio- eta dibulgazio-ekimenak garatzen ditu.

Lankidetza horri jarraiki, Lehendakaritzak komunikazio-kanpaina bat garatuko du Zinemaldiaren programaren barruan, eta, besteak beste, Zinemaldiaren eguneroko egunkarian, babesleen logotipoen paneletan eta Zinemaldiaren esparruan emandako film bakoitzaren aurretik –Sail Ofizialari dagozkionetan izan ezik– ikus-entzunezko pieza bat proiektatzean islatuko da.

Aurreikusitako jardueren artean, beharbada, sari bat emango zaio Nazio Batuen 2030 Agendak bultzatzen dituen Garapen Jasangarrirako Helburuen ikur nagusi gisa iraunkortasunaren eta elkartasunaren balioak hobekien islatzen dituen filmari. Zinemaldiaren zuzendaritzak bost film aukeratuko ditu, eta epaimahai batek erabakiko du saria merezi duen zinta. Epaimahai horren osaera datozen egunetan jakinaraziko da.

Ekimen multzo horren eduki-ardatzek 2030 Agendaren premia eta aukera proiektatuko dituzte, bai eta energia aurrezteko premia eta aukera ere, ondorio zuzenenetako bat baitira. Energia aurrezteko eta gure eskura dagoen edozein baliabide modu arduratsuan eta efizientean erabiltzeko kontzientzia globala, tokikoa, familiarra eta pertsonala funtsezko ekarpena da iraunkortasunaren helburu eraldatzaileari laguntzeko.

Gaur egun eta etorkizunean, jasangarritasuna lotuta dago energia aurrezteko konpromiso praktikoarekin, ekonomiaren deskarbonizazioari eta energia berriztagarrietarako igarobide erabakigarriari lotuta. Pentsamolde eta kontzientzia zibikoa eta solidarioa mundu eta bizitza iraunkor baterako, une honetan, gakoak dira orainerako eta etorkizunerako. 2030 Agenda proiektu eraldatzaile beharrezkoa, bideragarria eta eraginkorra laburbiltzen duen programa globala eta tokikoa da.

Euskal erakundeek konpromiso aktibo eta proaktiboa hartu dute bere bultzadarekin eta garapenarekin. Ildo horretan, Zinemaldiaren esparruan garatuko diren jarduera horiek bi helburu dituzte: iraunkortasunaren pedagogia egitea eta Euskadik 2030 Agendarekin duen konpromisoaren nazioarteko proiekzioarekin jarraitzea.

Lehenengo helburuari dagokionez, joan den abuztuaren 11n, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak iragarri zuen datozen hilabeteetan energia aurrezteko pedagogia aktiboa egiteko asmoa zuela, jasangarritasunarekiko eta 2030 Agendarekiko konpromiso zibiko eta zehatz gisa. Borondate hori informazio- eta dibulgazio-kanpainetan islatuko da, eguneroko bizitzan aldaketak egiteko premiari eta aukerari buruz kontzientziatzeko, gure energia-gastua murrizten eta gure baliabideak hobeto aprobetxatzen laguntzeko. Ekimen hau, Zinemaldiarekin lankidetzan, iragarritako konpromiso horren lehen urratsa da.

Bigarren helburua GJHekiko euskal konpromisoaren nazioarteko proiekzioari jarraipena ematea da. Euskadik ibilbide bat eskaintzen du arlo horretan, eta nazioarteko aintzatespena jaso dute Europako erakundeek eta Nazio Batuek. Lortutako aitorpenak baloratu du, bereziki, Eusko Jaurlaritzak GJHen lokalizazioan hartu duen konpromisoa eta estatuz azpiko gobernuen mailan hartu duen lidergoa. Horrekin batera, nabarmendu da 2030 Agendaren aplikazioaren sistematizazioa, ebaluazio-adierazleak eta GJHen betetze-mailari buruzko urteko jarraipenerako borondatezko txostenak egitea.

2030 Agenda Nazio Batuen Erakundeak 2015ean lortutako akordio bat da. 2030erako ikuspegi bera duten 193 herrialderen konpromisoa da: mundu eta bizitza iraunkorra; eta lehentasun bera: pobrezia desagerraraztea. Mundu osoan lerrokatzen ditu erakunde publikoen, erakunde pribatuen eta gizarte-eragileen politikak, 17 helburu, 169 jomuga eta ebaluazio-adierazle ezarrita, mundu bidezkoago, ekologikoago, oparoago eta baketsuago baterako.

Bost konpromiso handik laburbiltzen dute edukia: (I) Desberdintasuna geldiaraztea, inklusioa sustatzea eta pobreziarekin amaitzea; (II) klima-aldaketa iraultzea eta trantsizio ekologiko-energetikoa bultzatzea; (III) osasuna, hezkuntza edo aurrerapen digitala indartzea eta sarbidea unibertsalizatzea; (IV) enpresa, lana eta enplegua duintasunaren, oparotasunaren eta jasangarritasunaren balio partekatuak bihurtzea; eta (V) mundu osoan bakea, bizikidetza eta giza eskubideen errespetua sendotzea.

2030 Agendak, gobernuak, foru aldundiak edo udalak ez ezik, enpresak, unibertsitateak, erakundeak eta gizarte-eragileak eta pertsonak ere inplikatzen ditu. Euskal erakundeen konpromisoa da, eraldaketarako eta elkartasunerako agenda global eta tokiko honi lehentasun osoa ematen diotena.

Eusko Jaurlaritzak, zehazki, 2030 Agenda eta bere helburuak Euskadin aurrerapenerako eta berdintasunerako kontratu soziala izatea proposatzen du. Proposamen hori eta legegintzaldiko plana 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programan jasota daude, zeina Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2021eko ekainaren 29an.