Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako museo eta ondareguneek % 20 gainditu dituzte pandemia-aurreko datuak udan

0

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako museo eta kultur ondareguneek pandemia urrean erregistratutako datuak gainditu dituzte uda honetan. 30.000 pertsona inguruk bisitatu dituzte uztailean eta abuztuan Bizkaiko hamaika museo, areto eta ondareguneak -Arkeologi Museoa, Arrantzaleen Museoa, Euskal Herria Museoa, El Pobaleko Burdinola, Omako basoa, Santimamiñe, Ondare Aretoa, Errekalde Aretoa, Muñatoizko gaztelua, Txakolingunea Txakolinaren Museoa eta La Encartada fabrika-museoa-, eta hala % 20 handitu da bertaratuen kopurua, 2019. urtean baino ia 6.000 gehiago izan baitira.

Errekalde Aretoa da bisita-gehikuntzarik handiena izan duen tokia, 4.500 bisita baino gehiago hartu baititu uztailean eta abuztuan; hala, azken balantzean, 2019. urtean baino 2.400 bisitari gehiago egon dira. Foru aretoari Arrantzaleen Museoa darraio, 2019an baino 1.800 bisitari gehiagorekin, 4.650 bisitari izan baititu udako bi hiletan.

Datu bikainak badira ere, foru museoetako arduradunek nabarmendu dute arrakasta batez ere programazioa osatzeak ekarri duela, posible egin baitu ondarea bizkaitarrei eta Bizkaia bisitatzen duten guztiei hurbiltzea. Era horretan, museoek erakusleiho onena eskaini dute gure historia, ohiturak, hizkuntza eta beste ezagutzeko, eta hala betetzen da lurraldearen identitatea herritarrei ikuspegi desberdinetatik erakusteko helburua.

Bizkaiko Foru Aldundiaren museo eta aretoek prestatutako programak askotariko jarduerak jarri ditu berriro jendearen eskura, hala nola kontzertuak, lantegiak, bisita gidatuak, artistekin egindako topaketak… gero eta pertsona gehiago erakartzen dituen eskaintza erakargarria, askotarikoa eta kalitatekoa.

Aurten, Omako basoko bisita gidatuak gehitu zaizkio Bizkaiko Foru Aldundiaren eskaintza kulturalari. Izan ere, oso harrera ona izan du ondaregune horrek: 955 pertsona bertaratu dira Omako Basoa margotzeko lanak ezagutzera pintaketa-prozesuan parte hartzen ari diren gidarien eskutik. Bisita horiek irailaren 11ra arte daude programatuta, eta edukiera dagoeneko bete da. Egun horretatik aurrera, ezin izango da basoan sartu 2023ko udan berriro irekitzen den arte.

Bisitarien jatorriari dagokionez, foru museoetara Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko hainbat hiritako pertsonak joan dira, bai eta, besteak beste, Frantzia, Italia, Alemania, Asia, Afrika, Ozeania, Ipar Amerika, Hego Amerika edo Erdialdeko Amerikakoak ere.

Programazioak jarraitzen du

Foru-museoek jarraitzen dute askotariko programazioa eskaintzen: Arrantzaleen Museoak erakusgai jarri du «Izaro: Natura eta Historia» erakusketa; Txakolingunea Txakolinaren Museoak, «Bakioko Margozaleak», Bakioko zenbait pintoreren lanak ezagutzeko aukera; Gernikako Euskal Herria Museoak, «Mairin Mitchell, euskaldunen kronikari irlandarra»; Arkeologi Museoak, berriz, «Euskal Herriko Erdi Aroko Gazteluak: lurraldearen zaindariak eta boterearen irudia», hurbilpen bat gazteluen historiara. Gainera, irailaren 10ean, larunbata, Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarritako MusEkintza jaialdiak «A vueltas con Lorca» eskainiko du Arkeologi Museoan, Carmelo Gómez antzezle, Mikhail Studynov piano-jotzaile eta Emi Ecay zuzendari direla.

Irail honetan programatutako jardueren artean, El Pobaleko Burdinolan nabarmentzekoak dira «Muskizko San Julian elizan grabatutako itsasontziak» izeneko erakusketaren inaugurazioa eta haren katalogoaren aurkezpena, zeina hilaren amaieran egingo baita. Muñatoizko gazteluan, Erdi Aroko Birsortzearen edizio berri batekin (6.a) amaituko da udako kanpaina. Erdi Aroko museo bizidun hori irailaren 10eko eta 11ko asteburuan egingo da. Hilaren 18an, igandea, azken bisita gidatuak eskainiko dira, eta 24an, MusEkintza itzuliko da «Ganso y Cía» proposamenarekin: adin guztientzako kaleko antzerki eta ikuskizuna.

Balmasedako Encartada fabrika-museoak bisita gidatuak antolatzen ditu fabrikara, eta «Pioneras de la ingeniería» aldi baterako erakusketa eskaintzen du, Valentziako Cátedra Demetrio Ribes delakoak sortua. Bere aldetik, Europako akuarelisten sinposioaren esparruan, Ondare Aretoak Akuarelisten Euskal Elkartearen erakusketa hartzen du. Horrez gain, ERTIBIL BIZKAIA Ikus Arteen Erakusketa Ibiltariaren berrogeigarren edizioa bisitatu daiteke Rekalde Aretoan. Bertan, euren lanak erakusten dituzte sorkuntza-proiektua Bizkaian garatu duten hogei artista berrik. Erakusketa guztien osagarri, adin guztientzako hainbat jarduera gauzatzen dira.

Jarduera guztiak hemen kontsulta daitezke : www.bizkaikoa.bizkaia.eus