Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuak, INTIA sozietate publikoaren bitartez, ‘Artzaintza suaren kontra’ kanpaina abian jarri du, Nafarroan abeltzaintza estentsiboak basoko suteen kontrolean duen garrantzia nabarmentzearren.
Horretarako, INTIAk zenbait bideo egin ditu ekainean izandako suteetan gertatutako kasu zehatzak erakusteko; horietan, artzaintzaren eragin positiboa ikusten da sugarrak geldiaraztea lortzeko. Kanpainan, kaltetutako eremuetako abeltzaintza-sektoreko testigantzak jasotzen dira lehen pertsonan, INTIAko eta Nafarroako abeltzaintza-elkarteetako profesionalek eskainitako azalpen tekniko eta guzti.
Bideoetan, ekainean izandako sute-fokuen ondorioak ikus daitezke, Nafarroako eremu ezberdinetako laborantza- eta zuhaitz-azaleretan; baita, sua nola gelditu zen abereak ibilitako lurretan ere. Modu horretan, begien bistakoa da abeltzaintza estentsiboaren eragina, animaliek udaberrian jaiotzen den landare freskoa jaten duten heinean; izan ere, landaretza hori, azkenean, udan lehortu egiten da, eta sugarrak garatzen lagun dezake. Horrela, artaldeek erregai-karga baxua dute, sutea zabaltzeko lurra erresistenteago egiten dute eta, azken finean, prebentzio-modu aktiboa eragiten dute.
“Sutearentzat erregai dena, abereentzat jakia da”, adierazi du Jesus Ochoak, INTIAko abeltzaintza-aholkularitzako teknikariak. Ochoak kanpainan esku hartu du artzaintza eta abeltzaintza estentsiboa suteak kontrolatzeko estrategia eraginkorra direla erakusteko. “Artzaintzaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxatu behar da; izan ere, zuhaixken hazkundea kontrolatzeko gaitasun izugarria du, biodibertsitatea bultzatzen du, sastrakak mekanikoki garbitzeko lan gutxiago egiteko aukera ematen du, eta prebentzio sozialerako erreminta bat da, suteek Ingurumenerako eta jendea bizi den eremuetarako duten eraginarengatik”, adierazi du Ochoak.
Kanpainan, Jaitzeko Angel Eraso, Uxueko Pedro Berrade eta Arboniesko Mikel Urtasun abeltzainek hartu dute parte, eta Nafarroako eremu zehatzetan su-fokuak geldiarazten laguntzerakoan abereen efektu onuragarria bistakoa izan den zenbait kasu erakutsi dituzte.
Horiez gain, Nafarroako hiru abeltzaintza-elkartek hartu dute parte kanpaina honetan, abeltzaintza estentsiboa sustatzearen alde: ASLANA (Nafarroako Latxa arrazako ardi hazleen Elkartea), ABANA (Akitaniako Blonde Behi hazleen Elkartea) eta ARANA (Nafarroako arrazako ardien Elkartea).
Kanpainak LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren laguntza du, Klima Aldaketara egokitzeko Nafarroako Gobernuaren estrategia integratua, abeltzaintza estentsiboa sustatzen duen lurralde bat basoko suteak zabaltzearen aurrean erresistenteagoa delako, biodibertsitate handiagoa duelako eta aldaketara hobeto egokituta dagoelako. Duela gutxi, LIFE-IP NAdapta-CC proiektuak bat egin zuen abeltzaintza estentsiboaren aldeko manifestuarekin; hau da, ekimen hispaniar-lusitaniarra, Mertolako Ondarearen Defentsarako Elkarteak (ADPM) koordinatzen duena. Dagoeneko LIFE programako 10 proiektu europar batu dira horretara.
Bestalde, INTIA sozietate publikoa, LIFE-IP NAdapta-CC proiektuko bazkide gisa, Sabaitzako finkan esperimentazio-proiektu bat burutzen ari da basoko artzaintzaren potentzialaren inguruan, sute-arriskuak murrizteari eta klima-aldaketara egokitzeko gaitasun handiagoa duten zuhaitz- eta landare-masak lortzeari begira. Proiektua azienda Nafarroako behorren arraza autoktonoarekin maneiatzean oinarritzen da, eta Ezporogiko udalerriaren barruan kokatutako 50 hektareako hedaduran garatzen da.