Osakidetzak osasun-txartela formatu digitalean probatuko du

0

Osasun Sailak, Osakidetzarekin batera, herritarrei zuzendutako zerbitzu berria jarri du abian, modernizazioan aurrera egiteko eta teknologia berrietara egokitzeko duen konpromisoarekin jarraitzeko: osasun-txartel indibidualaren formatu digitala abian jartzea. Zerbitzua Vitoria-Gasteizko Lakuabizkarrako osasun-zentroari atxikita dauden herritarrentzako proiektu pilotu baten esparruan jarri da abian.

PROIEKTU PILOTUA

Zertan datza?

Proiektu pilotua datza Lakuabizkarrako osasun-zentroari atxikita dauden herritarrek gaur egun duten plastikozko txartelen (OTI) bertsio digitala izatean, telefono mugikorrean. Hala, “OTI digitala” dutenek elkarreraginean jardun ahalko dute osasungintza-sistemarekin, bai Osakidetzan bai botiketan dagokien medikamentua emateko, keinu erraz baten bidez: telefono mugikorra erakutsi beharko dute. Nolanahi ere, zerbitzu digital horrek (OTI digitala) ez du ohiko txartela ordezkatuko; herritarrek osasungintza-sistemarekin duten elkarreragina hobetzeko zerbitzu osagarria baino ez da.

Lakuabizkarrako osasun-zentroko herritarrek, laster, gutun bat jasoko dute, proiektu honetan parte hartzera gonbidatzeko.

Non erabili ahalko da?

Proiektu pilotuaren esparruan, OTI digitala, hasieran, Lakuabizkarrako osasun-zentroan eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko (AUO) kanpoko kontsultetan identifikatzeko eta Lakuabizkarra auzoan dauden botiketan medikazioa emateko erabili ahalko da.

Nola eskuratu OTI digitala?

OTI digitala izan ahal izateko, egiaztagiri digitala behar da (B@Kq edo antzekoa), besteak beste, Osasun Karpetara sarbidea ematen duena. Parte hartu nahi duten eta egiaztagiri digitala ez duten pertsonek hura Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean Herritarrei Arreta emateko bulegoetan eskatu ahalko dute, nagusiki, edo zentro zibikoetan dagoen edozein KZgunetan.

Pertsona horrek egiaztagiri digitala duenean, Eusko Jaurlaritzaren “NIK” aplikazioa deskargatu beharko du, AppStoreren eta PlayStoreren bidez. Hala, telefono mugikorra erakutsiz soilik dagokion osasun-zentroan edo botikan identifikatu ahalko da.

  

NIK Patrika digitala/Cartera digital aplikazio 

Eusko Jaurlaritzak mugikorretarako aplikazio bat jarri du abian, herritarrek euskarri digitalean administrazio publikoetan egiaztatzeko agiriak biltzeko. NIK wallet aplikazioa zorro digitala da, normalean plastikozko txartel gisa eramaten diren dokumentuak eramateko eta aurkezteko; hala, erosoagoa, arinagoa eta seguruagoa izango da beharrezkoak diren zerbitzu eta izapideak jasotzeko orduan. Hura da Eusko Jaurlaritzaren programan eraldaketa digitalaren arloan jaso den proiektu estrategikoetako bat.

 

OTI digitalari buruzko informazio gehiago honako esteka honetan: OTI digitala – Informazio orokorra – Osasun Saila – Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus