Usurbil eta Zarautz arteko ibilbidea 1,5 kilometro murriztuko duen trenbideko tunelaren eraikuntza jendaurrean jarri du Garraio Sailak

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Aginagako tunela eraikitzeko proiektua eta haren ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jarri ditu gaur, 30 egunez, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Proiektu horri esker, Usurbil eta Zarautz arteko egungo ibilbidea 1,5 kilometro murriztuko da, eta trazaduraren tarte bat bikoiztuz gero, Donostiarekiko lotura-maiztasuna hobetu egingo da.

Aginagako mozketa izenez ezagutzen dena trenbide bikoitzeko tunel berri bat eraikitzean datza. Tunel horrek, 100 eta 200 metro arteko erradioko kurbak eta kontrakurbak dituen trazadura bihurgunetsuko 2.950 metro uzteko aukera ematen du. Gaur egun trenbideak Oria ibaiarekiko paraleloan inguratzen du Aginaga mendia. Hobetu beharreko tartea hauek osatzen dute: 1.280 metroko tunel bat trenbide bikoitzean, 60 metroko tunel faltsua trenbide bikoitzean eta 160 metroko lotura egungoarekin, trenbide bakarrean.

Jarduketa horrek trenbideko zirkulazioan ekarriko dituen onurak garrantzitsuak dira. Lehenik eta behin, gurutzatze-puntu bat sortuko da trenbide bikoitzean, Zarautz, Orio eta Donostia arteko trenen maiztasuna 15 minutura murrizteko, egungo 30 minutuen ordez. Alde horretatik, bidaiatzeko denboraren murrizketa hiru minutukoa izango da, eta horrek, maiztasunak hobetzearekin batera, bidaiariak erakartzeko aukera emango du. Kopuru hori biderkatu egingo da topoaren trenbide-saihesbidea martxan jartzen denean.

Bai ibilbidea laburtzearen, bai tunel berrian plaka bidezko trenbidea aukeratzearen ondorioz, lur-azaleko gorabeheretarako egokia den puntu bat (lur-jausiak eta zuhaitzen erorketen ondoriozko gorabeherak) ezabatuko da, eta ondorioz mantentze-lanen kostuak murriztu egingo dira. Aurrezpen horrek material mugikorrean ere izango du eragina, egindako kilometro-kopurua murriztu egingo delako.

Obra horrek, halaber, basoko trenbide-pasagune bat kentzea ekarriko du. Libre geratutako trenbidearen trazadura, bestalde, bidegorri gisa eta Oria ibaiaren ondoko ibaiertzeko pasealeku gisa erabiltzeko asmoa dago.

Obra horretarako lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 28 milioi eurokoa da, eta obra egiteko aurreikusitako epea, berriz, 28 hilabetekoa.