ERTIBILen 40. urteurrenean, Rekalde Aretoa Bizkaiko sormen artistikoari lotutako espazio gardena eta agora izango da

0

Rekalde Aretoan egingo da ERTIBIL 40. Hausnarketari, ospakizunari eta memoriari lotutako proposamen hori Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du, eta honako hauek osatzen dute talde kuratoriala: Juan Pablo Orduñez / MawatreS, Andrea Estankona, Ion Macareno eta Iván Gómez. Gaur goizean, Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, komisarioekin batera, 2023ko otsailera arte Rekalde Aretoan egongo den proposamena aurkeztu du.

ERTIBIL Bizkaiak lau hamarkada bete dituela ospatzeko, Rekalde Aretoa espazio garden bilakatuko da eta, erdian, agora bat izango da. Bertan, arte plastikoetako artistak (belaunaldi desberdinetakoak) hiru hilabetean zehar egongo dira esperientziak eta hausnarketak konpartitzen lurraldean izandako ekoizpen artistikoaren 40 urteei lotuta. Baina Workshop bat ere izango da. Foru espazioan hamar artista hasiberri egongo dira beren sormen prozesuak garatzen, eta 2023ko otsailaren 16an egingo den Workshop-aren azken egunean aurkeztuko dituzte lan horiek.

Rekalde aretoa topagunea izango da, eraikitzen ari den kontakizuna erakusteko espazio bizia. ERTIBIL 40an ez dira amaitutako lanak erakutsiko; aitzitik, pentsatzeko prozesuak garatzen ari den toki horretan murgiltzeko aukera emango die bisitariei.

Rekalde aretora doazenek aretoaren arkeologia ikusi ahal izango dute, azken urteetako esku-hartze artistikoen hondarrak. Espazioaren itxura proposamenaren hausnarketa artistikoetako bat da, hainbat irakurketa dituzten beste jarduketa batzuen agertoki eta euskarri gisa erabiliko dena: horma zahar bat ikus-entzunezko pieza desberdinetarako pantaila bihurtzen da hemen, harmaila batek bisitaria gonbidatzen du Ertibil proiektuaz eta Bizkaiko ekoizpen artistikoaz sakontzera, eta Ertibil Bizkaiaren lau hamarkadetako katalogoak erakusten dituzten narrazio-gailuak izango dira paretetan. Datozen egunetan hainbat ekintza, proposamen eta elkarrizketa izango dira, errizomaren antzera hedatzen direnak, elkarrekin pentsatzeko esperientzia bera jardueraren erdigune bihurtuz. EHUko Arte Ederren Fakultateak Agiri kulturala ziurtagiria emango die Ertibil 40 ekintzaren inguruan antolatzen diren jardueretan parte hartzen dutenei.

Lorea Bilbao Ibarraren esanetan: «Gaur egun ERTIBILi buruz pentsatzea Bizkaiko arte garaikidearen ekoizpenari buruz pentsatzea da, bai eta sortzaile belaunaldi berriek ekosistema artistikoaren bilakaeran egiten duten ekarpenari buruz pentsatzea ere». Ondoren honako hau gaineratu du: «Ertibil 40k hausnarketarako gunea izan nahi du, Rekalde Aretoan hiru hilabetez lan kolektiboa egingo da, hortik Bizkaiko testuinguru artistikoaz hitz egin ahal izateko. Horretarako, dinamika batzuk proposatzen dira, azken 40 urte horiri buruz hausnartzeko.»

1983tik egiten den ERTIBIL BIZKAIAren ibilbide luzeak aukera ematen digu Bizkaiko lurraldean ekoizpen artistikoaren eta gizartearen bilakaeraren arteko lotura ulertzeko.

Talde kuratorialaren iritziz: «ERTIBILek ez du elementu bereizgarririk, ez dator bat kontakizun esplizitu batekin, baina 40. urteurrena zer den ikertzean eta horretan sakontzean konturatzen gara iraupenak berak premisa kontzeptualik gabe eratzen den kontakizun oso interesgarria dakarrela. Horri esker, modu organikoan agertzen dira aldi bakoitzeko gakoak, egiteko erak, adierazteko kode berriak eta sentsibilitate berriak».

Iraupena duen sormenaren aldeko apustuak eratzen du kontakizuna. Kontakizun hori zatikatua, etena eta kontraesankorra izan daiteke batzuetan, baina Bizkaiko arte-ekoizpen garaikidearen ikusgarritasun eta isla gisa eratzen da.

Artea ezagutza-modu bat da, eta errealitatea ulertzeko ikuspegi berriak emateko gaitasuna du. ERTIBIL 40n apustu hori aldarrikatzen da eta praktika artistikoen berezko lengoaietatik abiatuta hausnartzeko baldintzak sortu nahi dituen proiektu batekin gauzatzen da: irudia, formala eta kontzeptuala, ahozko hitza eta hitz idatzia, espazio adierazgarria, sentsazioa eta emozioa, materiala eta ideala.

ERTIBIL40ek azterketa-esparru propioa sortu nahi duen programa bat proposatzen du, ez hainbeste atzera begirako ikuspegi historiko batetik, baizik eta aktibatzen den eta etorkizunera begira proiektatzen den erreferentzia gisa.

Ertibil 40 hausnarketa egiteko espazioa izango da, atzera begiratu nahi duelako puntu horretatik abiatuta berriz pentsatzeko Bizkaiko testuinguru artistikoaren garaikidetasunari buruz. Hala, dinamika batzuk proposatzen dira, azken 40 urte horiei buruz hausnartzeko, berriz aztertzeko eta hausnartzeko.

Jardueren egitaraua

(abenduaren 15a, urtarrilaren 12a-19a-26a, otsailaren 2a, otsailaren 9a)

Hiru hilabetean zehar, ostegun batzuetan, dinamika bat aurkeztuko da Rekalde aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Artista plastikoek parte hartuko dute, eta hausnarketa-gai bat planteatuko zaie.

Topaketa horiek hainbat formatutan egingo dira: tailerra, hitzaldia, eztabaida, aurkezpena, mahai-ingurua eta abar. Saio bakoitzarekin batera, hausnarketa bultzatuko duten beste dinamika batzuk ere izango dira, hala nola soinu entzutea, diapositiben ikustaldi bat, moda desfile bat, kontzertu bat eta performance bat.

Honako hauek izango dira dinamizatzaileak: Marion Cruza, Abigail Lazkoz, Elena Mendizabal, Txuspo Poyo, Jaime Cuenca, Zigor Barayazarra, Ixone Sádaba, Miriam Isasi, Taxio Ardanaz, sraPolaroiska, Naia del Castillo, Gema Intxausti, Nora Aurrekoetxea, Irati Inoriza, Miren Arenzana, consonni, Mikel Onandia eta Maider López.

Workshop

Ertibil 40 tailerraren deialdian sartu ahal izango dira bere ibilbidearen hasieran, Arte Ederretako azken urteak amaitzen edo master bat egiten dauden 10 artista. Interesdunek abenduaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dute hautagaitza (informazio guztia hemen: www.salarekalde.bizkaia.eus).

Ertibil 40ko esparruetatik abiatuta, lantalde bana osatuko da abenduan, urtarrilean eta otsailean, Rekalde aretoan esku-hartze artistiko bat garatzeko.

Tailerra Ertibil 40rako programatutako jarduerarekin osatuko da, eta Diego Vivanco artistaren eta Sandra Amutxastegi eta Ane Rodríguez bikotearen (anemotorazing) babesa izango du. Beraz, Rekalde aretoa lana garatzeko espazioa izango da.
Laguntzeko saioak asteazkenetan egingo dira: abenduaren 14an, urtarrilaren 11n, 18an eta 25an eta otsailaren 1ean eta 8an, 18:30etik 19:30era. Guztira zazpi saio egingo dira, eta azkena otsailaren 16an izango da, 19:00etan, Rekalde aretoan hiru hilabetez egindako lan-prozesuaren emaitzen berri emateko.

ERTIBIL Bizkaia 40 urtean zehar

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ERTIBIL Bizkaia Ikus-arteen Erakusketak 800 artelan inguru aztertu ditu, lau hamarkada hauetan lurralde osoan azaleratzen ari diren 500 artista baino gehiagoren lanak. 1983ko lehenengo ediziotik hona, ERTIBILek beren sorkuntza-lana Bizkaian garatzen duten artista hasiberriak laguntzea eta bultzatzea du helburua. Azken urteetan, Ertibil Bizkaia hara eta hona ibiltzeko abiapuntua da Rekalde aretoa.