Lehendakariak nabarmendu du Euskadik indarguneak dituela mehatxu eta erronkaz beteriko urte zalantzagarri bati aurre egiteko

0

Lehendakariak El Correo-ren eta Banco Santander-en Foro Expectativas Economicas delakoan hartu du parte gaur goizean. Foro horretan, egungo egoera ekonomikoa eta Euskadik ziurgabetasun eta kezka handiko esparru orokor batean aurre egin beharreko zailtasunak eta erronkak aztertu ditu.

Euskal sailburuekin batera, eta erakunde- eta enpresa-ordezkaritza zabalaren aurrean, Iñigo Urkulluk Europako Batzordearen aurreikuspenen berri eman du. Aurreikuspen horien arabera, estatu kide gehienak atzeraldi teknikoan sar litezke 2023ko lehen erdian, eta horrek – azaldu duenez – eragina izango du euskal ekonomian; hala ere, % 2 hazi daiteke euskal ekonomia.

Esparru politikoari dagokionez, iragarri du hauteskunde-urtea oso polarizatua eta krispatua izango dela, eta horrek Next Generation funtsen gauzatze eraginkorra atzeratzea ekar lezakeela, eta, beraz, ekonomia eraldatzeko proiektu estrategikoak egitea zailtzea.

Mehatxu eta erronkaz betetako egoera horren aurrean, lehendakariak Euskadiren indarguneak baliatu eta aldaketetara gainerakoek baino arinago eta eraginkorrago egokitzearen alde egin du.