jokin Bildarratzek Sondikako Gorondagane ikastetxe publikora bisita egin du

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Sondikako Gorondagane Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea bisitatu du gaur goizean, eta bertako zuzendaritza-taldearen eskutik, ikastetxean garatzen duten hezkuntza-proiektua ezagutu ahal izan du. Sailburuarekin batera izan dira bisitan Iñaki Orbe Hezkuntzako Bizkaiko lurralde-ordezkaria eta Xabier Zubiaur Sondikako alkatea. 2022-2023 ikasturtean Haur eta Lehen Hezkuntzako 275 ikasle daude Sondikako ikastetxe honetan matrikulatuta (2 urtetik 12 urtera bitarteko ikasleak). Ikasle horien hezkuntzaz 30 irakasle pasatxo arduratzen dira.

Bisitan, sailburuak bertatik bertara ikusi ahal izan ditu ikastetxeko kirol anitzeko pista estaltzeko Eusko Jaurlaritzak sustatu dituen lanen emaitzak; Hezkuntza Sailak 983.452,72 euroko inbertsioa egin du proiektuan. Estali den 1.280 metro koadroko instalazioan areto-futboleko/eskubaloiko eremu bat eta saskibaloiko beste bi eremu daude. Aurrerantzean, beraz, eguraldi txarra egiten duenean ere erabili ahal izango dituzte. Pista estalita, ikastetxeak beste elkargune estali bat izango du.

Lanak udan hasi zituzten eta orain dela egun batzuk amaitu dituzte, aurreikusitako epea baino zerbait lehenago, beraz. Zehazki, ikastetxeko kirol anitzeko pista estali da, ekipamendu berriak jarri dira eta instalazioak berritu dira.

Kirol anitzeko pistari aterpea egitea

Sondikako Gorondagane HLHIko kirol anitzeko pistaren estalki berria eraikitzeko lanak udan, uztailean, hasi ziren, 2021-2022 ikasturtea amaitzean, eta abenduko lehenengo egunetan amaitu dira. Neurri handi batean, lanak ikastetxeko funtzionamenduarekin eta bertako eskola-jarduerarekin bateratu ahal izan dituzte, ikastetxeko zuzendaritzak eta lanen zuzendaritzak koordinatuta jardun baitute hasieratik.

Estalki berriari dagokionez, nabarmendu behar da egitura zur laminatuz egin dela, eta sareta ere zurezkoa da. Sareta horrek goxotasuna ematen dio guneari, eguraldi txarretik babesteaz gainera. Bestalde, Hezkuntza Sailak Gorondagane HLHIn egin duen esku-hartzeak barne hartu ditu honako hauek ere:

    • Ekipamendua: hormigoi aurrefabrikatuz egindako eserleku berriak; baloiak gelditzeko sarea ekialdeko fatxadan; bi ate; eta Udalak instalatutako saskibaloiko 4 saski.

 

    • Berritze-lanak: saneamendu-instalazioak eta euri-ura hartzeko instalazioak; argiteria (LED); eta pistako eremuko asfaltatua berritzea (epoxi erretxinez akabatu da).