Enplegurako laguntza publikoak % 4tik % 42ra igo ziren 2021ean Euskadin

0

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) 2022ko EAEko Laguntza Publikoen Txostena argitaratu du, LEA/AVCk 2021ean urteko jarraipena egiten hasi zenetik ematen duen mota horretako bigarren dokumentua. Laguntza publikoen arau-esparrua hobeto ezagutzen laguntzea eta Euskadik 2015etik 2021era emandako Estatuko laguntzen estatistika-azterketa egitea du helburu.

Txostenaren arabera, Euskadin emandako estatu-laguntzen zenbateko osoa BPGren % 0,27 izan zen 2020an, eta BPGren % 0,23 2021ean. 2019an, BPGrekiko laguntzen ehunekoa txikiagoa izan zen Euskadin (% 0,25) Espainian (% 0,37) eta EB-28n (% 0,85) baino.

Laguntza moten barruan (horizontalak eta sektorialak), laguntza horizontalak, ahalmen distortsionatzaile txikiagoa dutenak, emandako laguntza guztiaren % 92 dira 2020an eta % 86 2021ean. Hala ere, sektoreek BPGrekiko pisu handiagoa izan dute Euskadin azken bi urteetan, batez ere COVID-19 Aldi Baterako Esparruari atxikitako laguntzengatik; laguntza horiek eragin handiagoa izan dute zenbait eremutan, hala nola nekazaritzan edo kulturan.

Horizontalen artean, emandako laguntzen helburuen arabera, I+G+Bra bideratutakoen ehuneko handia nabarmentzen da (% 74 2020an eta % 37 2021ean). Euskadin ere garrantzitsuak dira enplegurako laguntzak, 2020an % 4 izatetik 2021ean % 42 izatera igaro baitira. Kulturarako eta ondarea kontserbatzeko laguntzak (% 7), ingurumenerako eta eraginkortasun energetikorako laguntzak (% 6) eta ETEak (% 4) ere oso garrantzitsuak dira Euskadin.

Laguntza-tresnei dagokienez, 2019an, dirulaguntza izan zen erabiliena Euskadin, Espainian eta Europan, baina intentsitate handiagoarekin EAEn (% 89,38, % 67,47 eta % 62,58, hurrenez hurren). Euskadin, gehien erabiltzen den bigarren tresna mailegu edo aurrerakin itzulgarria da; Espainian eta EB-28n, berriz, zerga-abantaila.

Laguntza-tresnei dagokienez, 2019an, dirulaguntza izan zen erabiliena Euskadin, Espainian eta Europan, baina intentsitate handiagoarekin EAEn (% 89,38, % 67,47 eta % 62,58, hurrenez hurren). Euskadin, gehien erabiltzen den bigarren tresna mailegu edo aurrerakin itzulgarria da; Espainian eta EB-28n, berriz, zerga-abantaila.

Txosten osoa esteka honetan dago eskuragarri.

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.