Ertzaintzak Euskadiko diskoteketako Urtezahar-gaueko ospakizunak zainduko ditu

0

Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizunen Unitateak 700 pertsonatik gorako aforoa duten Euskadiko lokaletako Urtezahar-gaueko festak eta kotilioiak arautzen dituen ikuskizunetako araudia betetzen den zainduko du urtarrilaren 1eko goizaldean. 7 establezimenduk bakarrik betetzen dute baldintza hori eta Eusko Jaurlaritzaren baimena dute: Glow eta Nakala dira Araban; Concept, Santana 27, Sonora eta Premium Bizkaian; eta Bataplan Gipuzkoan.

Abenduaren 19tik aurrera, 7 establezimendu horietan aldez aurreko ikuskapenak egin dituzte lokaleko Autobabes Plana behar bezala betetzen den, diskotekako langileen artean zer-nolako ezarpena duen eta langileen zereginen banaketa kontrolatzeko. Horrez gainera, egiaztatu dituzte lokalaren antolaketan egindako aldaketak ospakizuneko berezko atrezzoaren ondorioz, arropazaindegiaren kudeaketa, piroteknia erabiliko den edo ohiko jarduera aldaraziko duen beste edozein egoera.

Aldez aurreko ikuskapeneko garrantzi handiko beste alderdi bat ebakuazio-bideak, horien seinaleztapena eta funtzionamendu egokia eta lokalean ezarritako osasun-zerbitzua aztertzea izan da, bai eta suteen kontrako babes-baliabideak, behar bezala instalatuta eta seinaleztatuta dauden eta azken ikuskapenaren data aztertzea ere.

Urtarrilaren 1eko goizaldean, Ertzaintzak behin eta berriz bisitatuko ditu dantzalekuak, aforoa zorrotz betetzen den eta bertan daudenak ebakuatzeko larrialdietako irteerak oztopatu gabe dauden bermatzeko. Baimendutako aforoa gaindituko balitz, agenteek lokalaren jabeari jakinaraziko liokete egoera zuzen dezan. Egoera larria izango balitz, aforoa larregi gainditzen delako edo larrialdietako irteerak blokeatuta daudelako, lokala hustera irits daitezke.

Era berean, lokalak irekitzeko eta ixteko ordutegiak eta lokalek, adingabeak sartzea eragozteko, sarrerak kontrolatzen dituzten ere zainduko dituzte. Donostiako Bataplanen kasuan, saio bat adingabeentzat antolatuko du, eta ekitaldian alkoholik ez dela saltzen zainduko du Ertzaintzak.

Joko eta Ikuskizunen Unitateko agenteak Ertzaintzako Aginte eta Kontrol Zentroarekin harremanetan egongo dira uneoro, eta egindako kontrolen emaitzaren berri emango dio, eta dagozkien mugapeetako ertzain-etxeekin eta udaltzaingoekin ere harremanetan egongo dira, edozein gorabehera gertatzen dela ere.