Euskadik 2022. urtea itxi du trafiko-istripuek eragindako 44 hildakorekin eta Bide Segurtasunaren Aldeko Itunarekin

0

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak 2022ko behin-behineko balantzea aurkeztu du gaur. Mugikortasuna, orokorrean, pandemia aurreko mailetara leheneratu da, eta istripuen tasak % 13 egin du behera parekatzeko moduko azken urteari dagokionez. Hala ere, 44 pertsona hil dira Euskadin trafiko-istripuetan, hau da, 2021ean baino 2 gehiago eta 2019an baino 7 gutxiago. Generoaren arabera, hildakoen % 77 (34) gizonak ziren eta % 23 (10) emakumeak. Kolektibo zaurgarriei dagokienez, behera egin du hildako motor-gidarien kopuruak (14, eta iaz 17 eta 2019an 16), baina nabarmen egin du gora hildako oinezkoen kopuruak (15, eta iaz bat eta 2019an 13).

Datuak perspektibarekin aztertuz gero, heriotzen beheranzko joera hautematen da: 2000an 218 pertsona hil ziren, 2010ean 67, 2019an 51 eta 2022an 44 pertsona hil dira.

Heriotza-tasa, 2019ari dagokionez, lurralde guztietan jaitsi da, baina 2021ari dagokionez, zertxobait igo da Bizkaian eta Gipuzkoan eta jaitsi Araban. Horrela, Bizkaian 18 pertsona hil dira trafiko-istripuetan (2019an baino 4 gutxiago eta 2021ean baino 2 gehiago); Gipuzkoan beste 18 pertsona hil dira (2019an baino bat gutxiago eta 2021ean baino 2 gehiago); eta Araban 8 pertsona hil dira, eta aipatutako bi urte horiei dagokienez, heriotza-tasak behera egin duen lurralde bakarra da (2019an baino 2 gutxiago eta 2021ean baino bi gutxiago).

KOLEKTIBO ZAURGARRIAK

Euskadin hildako 44 pertsona horietatik % 68 kolektibo zaurgarriren batekoak ziren: 15 oinezkoak ziren, 14 motor-gidariak eta 1 txirrindularia. Generoen arabera, motor-gidari guztiak eta txirrindularia gizonezkoak ziren, eta oinezkoen kolektiboan % 53 emakumeak ziren eta % 47 gizonak.

Aurreko urteekin alderatuta, 2022an trafiko-istripuetan hil diren pertsona zaurgarrien ehunekoak % 16 egin du gora 2019arekin alderatuta, urte horretan % 59 izan baitziren; eta % 43 2021arekin alderatuta, % 48 izan baitziren.

Oinezkoena izan da kolektiborik kaltetuena, 15 biktima izan baitira kolektibo horretan, eta 2021ean bat izan zen eta 2019an 13. Gertutik jarraitzen dio motor-gidarien kolektiboak, nahiz eta hildakoak 14ra jaitsi diren kolektibo horretan, 2019an 16 izan baitziren eta 2021ean 17.

BIDE SEGURTASUNAREN ALDEKO ITUNA

Datu horietan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzaren bide-segurtasunari buruzko politikek jarraitu egiten dute arreta berezia eskaintzen pertsona zaurgarrienei: oinezkoak, motor-gidariak, txirrindulariak, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen gidariak, adinekoak eta adingabekoak.

Alde horretatik, joan den azaroan beste urrats bat eman zen norabide horretan Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Ituna sinatzean, itunaren helburua izanik Euskadiko errepide-sare osoan istripuen tasa murriztea 2050eko horizontean trafiko-istripuen ondorioz zero biktima izateko helburuarekin.

Akordio hori Jaurlaritzaren Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2021-2025 Plan Estrategikotik sortu zen, eta esparru publikoko eta pribatuko entitate, elkarte eta erakundeak atxiki zaizkio. Horrela, Euskadik Vision Cero estrategiaren alde egindako apustua indartu da, trafiko-istripuen ondorioz heriotza edo lesio larri bakar bat ere ez dela onargarria ezartzen duen sistema seguruaren ikuspegiarekin.

MUGIKORTASUNA

Mugikortasunaren arloan, 2022an gainditu egin dira 2019an, pandemiaren aurretik, erregistratu ziren fluxuak bai Biriatuko mugako pasabidean bai ibilbide luzeko trafikoan. Hiriburuetako sarreretan, aldiz, beherakada txiki bat hauteman da (2019an baino % 5,65 gutxiago eta 2021ean baino % 4,38 gutxiago), garraio publikoa erabiltzera itzuli izanaren ondorioz, batetik, egoera epidemiologikoak onera egin duelako eta, bestetik, erregaiak garestitu direlako eta 2022ko irailetik garraio publikoan aplikatutako % 50etik % 100era arteko deskontuengatik.

Aitzitik, ibilbide luzeko fluxuetan igoera nabarmena izan da, bereziki udan: 2021ean baino % 14,75 gehiago eta 2019an baino % 5 gehiago. Gauza bera gertatu da AP-68ko mugaz gaindiko fluxuarekin Biriatun, 2021arekin alderatuta % 9,75eko igoera izan baita eta 2019arekin alderatuta % 3,64koa. Horren arrazoien artean, aipatzekoak dira Itsasartea Zeharkatzeko Operazioa berreskuratu izana, bi urtez bertan behera utzi ondoren (2020-2021), eta mugako lurralde edo autonomia-erkidegoetarako joan-etorrien igoera.

ISTRIPUEN TASA  

Pandemia aurreko mugikortasun-maila berreskuratu bada ere, istripuen tasak beheranzko joeran jarraitzen du. Ertzaintzan erregistratutako behin-behineko datuen arabera, 2022an 7.354 istripu gertatu dira (2019an baino % 13 gutxiago eta 2021ean baino % 1,8 gutxiago). Bestalde, 360 pertsona larri zauritu dira (2019an baino 89 gutxiago eta 2021ean baino 95 gutxiago).

Hildakoen tipologiari begiratuz gero, ikusiko dugu 25 gidariak direla (14 motozikleta-gidariak, bat bizikleta-gidaria eta 10 autoen edo beste ibilgailu batzuen gidariak), 4 bidaiariak eta 15 oinezkoak.

SENTSIBILIZAZIO-PROGRAMAK

Trafikoko zuzendariak Don’t be dummy! Para ti no hay repuestos / Zuk ez duzu ordezkorik estrategiaren laburpena ere aurkeztu du. Bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta 2017an abian jarri zenetik, prebentzio-programa ibiltaria 63 herritako 174 ikastetxetara iritsi dira, Euskadiko hiru hiriburuak barne direla, eta guztietan parte-hartzaile ugari izan dira.

Guztira 172 ekitaldi programatu dira, eta horietan 40.676 ikaslek parte hartu dute, eta balantzea oso positiboa izan da. Ikasleen % 98k adierazi dute trafiko-istripuei aurrea hartzeko segurtasunaren garrantziari buruz jabetu direla.