EIBMk erabaki du fortuna handien gaineko zerga ituntzea eta Euskadik parte hartzea energiaren aldi baterako kargan, eta kreditu-erakundeentzako eta kredituko finantza-establezimenduentzako aldi baterako kargan

0

EIBM Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa modu telematikoan bildu da. Bileraren helburua izan da onartzea fortuna handien gaineko aldi baterako solidaritate-zerga ituntzea eta Euskadik parte hartzea energiaren aldi baterako kargan, eta kreditu-erakundeentzako eta kredituko finantza-establezimenduentzako aldi baterako kargan.

Hala, ondarearen gaineko zergaren osagarria den fortuna handien gaineko aldi baterako solidaritate-zergari buruzko akordioaren ondoren, Euskal Ekonomia Itunean araudi autonomoko zerga itundu gisa sartuko da, zerga hori sortu duen Estatuko Legearen indarraldi berarekin.

Bestalde, energiaren aldi baterako kargan, eta kreditu-erakundeentzako eta kredituko finantza-establezimenduentzako aldi baterako kargan parte hartzeari dagokionez, Estatuko Administrazio Orokorrak finantzaketa emango dio Euskadiri, Ukrainako gerrak eta COVID-19aren ondoriozko pandemiak eragindako eskaintza- eta hornidura-arazoek ekarri dituzten ondorio ekonomiko eta sozial apartekoei aurre egiteko. Aipatutako figurek 2023an eta 2024an sortutako diru-sarreren bolumenaren % 6,24koa izango da finantzaketa hori, eta kupoa ordaintzeko epeetan konpentsatuko da. Ordainetan, Euskadik bere gain hartuko du, osorik, bi kargen bidez soilik finantzatzen diren Estatuaren laguntzen definizioa eta kudeaketa.

Hauek izan dira euskal ordezkariak: Pedro Azpiazu, Ekonomia eta Ogasuneko sailburua; Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua; Ramiro González, Arabako ahaldun nagusia; Unai Rementeria, Bizkaiko ahaldun nagusia; Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; eta Itziar Agirre, Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko sailburuordea. Estatuko Administrazioaren ordezkari izan dira María Jesús Montero, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroa; Jesús Gascón, Ogasuneko estatu-idazkaria; Maria José Gualda, Aurrekontu eta Gastuetako estatu-idazkaria; Alfredo González, Lurralde Politikako estatu-idazkaria; eta Inés Olóndriz, Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Finantzaketarako idazkari nagusia.