GetariakoTxakolinaren uzta berria aurzketu da, % 20 ugariagoa, gorputz handiagoarekin eta azidotasunean oso orekatua

0
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek, Getariako Txakolin Egunean parte hartu du gaur goizean. Bertan aurkeztu da txakolinaren uzta berria, Getariako Txakolina Jatorri Deituraren zigiluarekin merkaturatzen den 33. txakolina. Gaur aurkeztu den uztaren ekoizpena 2021eko uzta baino % 20 handiagoa izan da, 4.800.000 kilo mahats bildu baitira; beraz, 4.300.000 botila inguru merkaturatuko dira.

Egun garbiak izan dituen urte lehor batean, mahatsa oso osasun-egoera onean bildu ahal izan da, eta mahastiak ez du Mildiuren (mahatsondoaren onddoa) eraso nabarmenik jasan. Era berean, prezipitazio gutxiko eguraldiaren ondorioz, 2022ko uztako txakolinek 2021eko uztakoek baino gradu haundixeagoa dute, gorputz handiagoa eta azidotasunean oso orekatua.

Gaur goizeko aurkezpenean, Getariako Txakolinaren Jatorrizko Deiturak egiten duen Mahasti Jaun saria eman zaio Donostiako Pintxoaren Institutuari, pintxoaren kultura berreskuratzeko eta Donostiako pintxoa mundu mailako erreferente gastronomiko gisa kokatzeko egindako ahaleginagatik. Gainera, dagoeneko erretiratuta dauden lau mahastizain omendu dituzte, Getariako Txakolinako mahastiak eta upeltegiak aintzatesten lan egin dutenak.

Bilakaera aipagarria

Nabarmentzekoa da txakolinak urte hauetan izan duen bilakaera komertziala; izan ere, kalitate desberdineko produktu gisa sartu eta mantentzea lortu du, bai barne-merkatuan, bai nazioarteko merkatuan. 2022ko azken kanpainan, Getariako Txakolinaren esportazioek % 30 inguru egin zuten gora, eta barne-merkatuetako salmentek ere % 13 egin zuten gora 2021arekin alderatuta, eta 4.000.000 zigilu izatera iritsi ziren.

Oroz sailburuordearen hitzetan, «txakolina gama altuko merkatu-nitxoetan ezagutzera ematen jarraitu behar da. Bertan, kalitate bereiziko produktuek oso harrera ona dute; izan ere, produktu ziurtatua da, tokiko barietateekin egina, eta bikaintasunaren, kalitatearen, ondarearen, kulturaren eta paisaiaren ezaugarriak ditu, bakarra egiten baitute«.